Iraila hastearekin batera, herrian egiten diren jarduera asko martxan jartzen dira, eta horixe gertatzen da Biteri kultur etxeko ikastaroekin ere. Aurtengo kurtsorako gai desberdinetako 30 ikastaro prestatu dituzte, eta aldaketarik bada. Ikastaro batzuk izenez aldatu dituzte eta beste batzuk kendu egin dituzte, berriak sartzearekin batera.
Ikastaroetan parte hartzeko
Ikastaroren batean parte hartu nahi izanez gero, izena ematea da lehenengo pausua, irailaren 1etik 6era arte, Biterin. Ordutegia goizeko 9:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara da. Ikastaro bakoitzean izen emandakoen kopuruak dauden plazak gainditzen baditu, zozketa bidez banatuko dira plazak. Zozketa hau irailaren 7an egingo da, Biterin, eguerdiko 12:00etan. Ondorengo egunetan aukeratutakoen zerrendak ikusgai izango dira kultur etxean. Aukeratutakoak, irailaren 8tik 13ra arte izango dute matrikula egiteko denbora, aurrematrikulako ordutegi berdinean. Matrikula egiterakoan, beharrezkoa izango da kontu korronteko hogei zenbakiak aurkeztea, kuotaren ordainketa banku-helbideratze bitartez egingo da eta.
Aldaketa batzuk badaude
Ikastaroen eskaintza gutxi aldatu da baina, hala ere, badaude berritasun batzuk. Batetik, saloi dantzak eta dantza latinoak bereizi dituzte. Lehenengo ikastaroan bals, pasodoblea, boleroa eta abar landuko dituzte, eta bigarrenean, berriz, merenge, txa txa txa eta antzekoak. Iaz hip-hop izenarekin ezagutzen zen ikastaroak break dance izena hartu du, dantza irakasten dutelako, eta ez abesteko modua. Yoga ikastaroarentzat ordutegia zabaldu da eta aurten hasierako klase berri bat izango da, 15:00etan. Kendu dituzten ikastaroen artean, beiran (kristalean) eginiko lanak daude, erantzun nahikoa izan ez duelako eta, maketak egiteko tailerra, iazko bakarrik zelako. Azken urteetan ikastaroetako parte hartzaileen kopurua 465era igo da eta aurten ere gorakadak jarraitzea espero dute.