TXANTXANGORRI elkarteko itsas arrantza taldea bolada onean dabil. Izan ere, txapelketa ezberdinetan puntuak lortzen ari da eta ez da nolanahiko marka, orokorrean arrantzaleak pieza gutxi ateratzen ari baitira. Pez Gordo de Barallua txapelketan Juan Ormazabalek egindako lana azpimarratu du Txantxangorri elkarteak. Ormazabalek 350 gramotako muxarra harrapatu zuen. Txapelketan 100 arrantzaletik gora izan ziren eta 25ek bakarrik lortu zuten zerbait ateratzea.
Leitzarango oilagor kotoa eta Kuartango koto soziala
Gipuzkoako Ehiza Federazioak jakitera eman du Leitzarango Oilagor Kotoan ehizean aritzeko eskaerak irailaren 1etik 20ra egin behar direla. Eskaera egiteak euro bat balio du. Eskaerak bakarka egin behar dira. Bestalde, Kuartango koto sozialean aritzeko eskaera irailaren 1etik 10era egin behar da, hau ere bakarka. N.A.N.-aren fotokopia eraman behar da eskaera hau egiteko. Txantxangorrik jakitera eman du eskaera hauek tramitatuko dituela, eta horretarako elkarteko bulegotik pasa behar dute interesatutako ehiztariek.