BUKATU dira Portuko jaiak, ekintzez betetako asteburua pasa ondoren. Aurten denen ahotan izan da eguraldia, ostiral eta larunbatean zaparrada zaparradaren atzetik etorri baitzen. Atzo, hala ere, eguraldi bikaina egin zuen eta egunean zehar antolatutako ekintza guztiak giro ederrean gozatu zituzten: eguerdiko sagardo dastaketa, bazkaria, euskal jaialdia, bertsoa saioa, eta jaien amaiera ekitaldia. Aipatzekoa da Portuko jaietarako aurten atera dituzten kamisetek izan duten arrakasta. Asto karrerako marrazkia duten kamiseta berdeak ia auzotar guztiek jantzi baitituzte eta Portuko bazter guztietan ikusi dira asteburuan zehar.
‘Priscila, Portuko erregina’
Aurten denen ahotan izan da larunbat gaueko Varietes ikuskizuna. Ikuskizunak sekulako jakinmina sortu du bai auzotarren artean eta baita Hernani aldeko bizilagunen artean ere. Portuko plaza jendez gainezka zela hasi zen emanaldia. Emanaldi ikusgarri eta dibertigarria izan zen, soineko dotorez jantzitako hiru artistek eskaini zutena. Denetariko abestiekin dantzan aritu ziren taula gainean eta bizilagunen bat ere animatu zen haiekin batean dantzatzera. Ikusleek barre algara eta txaloka erantzun zuten.