PORTUKO festek gaur izango dute azken eguna eta eguerditik aurrera izango da zertan denbora pasa. Eguerdiko 12:00etan sagardo probaketa antolatu dute, trikiti doinuz girotuta. Eula, Olaizola, Otsua-enea, Iparragirre, Elorrabi eta Itsasburu izango dira aurten parte hartuko duten sagardotegiak. Segidan 31garren toka eta bote txapelketa jokatuko da. Eguerdiko 14:30etan auzotarren arteko bazkari herrikoia egingo dute, festetako azken eguna izanda indarrak beharko baitituzte bukatu arte irauteko. Postrea eta kafea hartu ondoren, arratsaldeko 18:00ak aldera, euskal jaialdia izango da. Perurena aita-semeek harri jasotzen erakustaldia egingo dute, eta Peñagarikano, Telletxea eta Etxeberria aizkorarekin ariko dira. Segidan Hernaniko Bertso Eskolako kideen saioa izango da. Urumea txarangak girotuko du auzoa, bertso saioa bukatzerakoan. Jaien amaiera ekitaldia gauerdian egingo dute: zezen suzkoa, txaranga, kolorezko suziri eta azken trakarekin.
Portuko asto karrerak hipodromo beharrik ez
Zeruko laino beltzak atzoko asto karreraz errukitu eta ondo portatu ziren, ez baitzuen euririk egin aurtengo 55garren edizioan. Eguraldia kontutan hartuta, jende asko bildu zen eta pena merezi izan zuen barre algaraka aritu baitzen jendea. Txanogorritxu, Wazemank saioko Patxi, iratxoa, pailazoa...ez zen mozorrorik falta izan zaldunen artean, ikuskizunik ere ez. Irabazi ala galdu bakoitzari tokatu zitzaion astoaren araberakoa izan zen. Hala ere, esan beharra dago, urteetako esperientziaren poderioz, izugarrizko abilezia erakutsi zutela batzuek, astotik erori eta jauzi batean berriro ere igotzeraino.
Gaur Portun
08:00: Egunsentia suziriekin.
08:30: Txokolatada
goiztiarrentzat.
09:30: Diana txistulariekin.
11:00: Meza auzoko
hildakoen alde.
12:00: Sagardo probaketa. Oihane, Itxaso eta Maialen trikitilariekin. Sagardotegiak: Eula, Olaizola, Otsua-enea, Iparragirre, Elorrabi, Itsasburu, Rufino, Alberro eta Altzueta.
12:30: XXXII. Toka eta bote txapelketa.
14:30: Bazkaria.
18:00: Euskal jaialdia: Perurena aita-semeen erakustaldia. Aizkolariak: Peñagarikano, Telletxea eta Etxeberria.
Segidan: Bertso-saioa.
Segidan: Urumea txarangaren irteera.
24:00: Jaien amaiera Urumea txarangarekin. Zezen suzkoa, koloretako suziriak eta
azken traka.