Sutea izan zen atzo Kale Nagusiko etxe batean eta ez zen kalte pertsonalik izan

Kronika - Erredakzioa 2006ko abu. 25a, 03:00

Atzo goizeko 11:00ak aldera sutea izan zen Kale Nagusiko etxe batean, Lander jantzi denda gainean dagoen horretan. Sutearen ondorioz ez da kalte pertsonalik izan, izan ere sua hasi eta berehala barruan zeuden pertsonak bere kabuz atera ziren, ebakuazio beharrik gabe. Hernaniko Udaltzaingoak adierazitakoaren arabera, sua Nafar kale aldera ematen duen etxebizitzako 2garren pisuan hasi zen eta handik Kale Nagusi aldeko etxebizitzaren bigarren pisura zabaldu zen. Ganbarara ere zabaldu zen sua, batez ere Kale Nagusi aldeko ganbarara. Sua nola sortu zen oraindik ez dago argi. Udaltzaingoa, Ertzantza eta suhiltzaileak bertaratu ziren atzo sutea izan zen lekura. Suhiltzaileak eta Udaltzaingoa arratsaldeko 18:30ak arte izan ziren bertan. Sua itzali ondoren ere bertan ziren suhiltzaileak: suteak sortutako eskonbro eta teilak bildu zituzten batetik, eta bestetik sua berriro ere ez pizteko etxe barruan kontrola egin zuten. Arratsaldeko 20:30etan berriro ere bertaratu ziren, beste kontrol bat egiteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!