«Motibatuta nago eta hurrengo urtean aurrean ibiltzeko asmoa daukat»

Kronika - Erredakzioa 2006ko abuztuaren 24a

Nolatan hasi zinen triatloian?
9 urterekin hasi nintzen igeriketan, bizkarreko arazoengatik. Kirol honek harrapatu egin ninduen eta 10 urte eman ditut praktikatzen. Aurten, zerbait berria nahi, eta triatloian hasi naiz. Triatloia izugarri zabaltzen ari da, esan daiteke modan jarri dela. Adibidez, Donostiako proban, 500 dortsal daude eta jende asko kanpoan geratu zen. Eneko eta Hector Llanosen garaipenek izugarrizko bultzada eman diote kirol honi. Probetan oso giro ona egoten da, korritzeko eta ikuslegoaren artean. Jende asko biltzen da probetan.

Zein taldetan zabiltza? Laguntzak jasotzen dituzue?
Atletiko San Sebastian taldean nabil, Donostian. Hernanin talderik ez zegoen eta hara joan nintzen. Taldean, Gari Etxebeste hernaniarrarekin nago, eta badaude hernaniar gehiago ere: Aritz Iraola, Andoni Tolosa eta Agustin ´Justin`. ASSen gustora nabil, ez dugu ezer ordaintzen eta baldintzak onak dira.

Espainiako aquathlon txapelketan hartu zenuen parte eta 23 urtez azpikoan 3garren egin zenuen.
Bai,Valladoliden izan zen duela pare bat aste. Gu, ASS bezala, taldekako erlojupeko bat egitera joan ginen, triatloian, eta egun hori libre genuenez, aquathloi proban izena eman nuen. Seniorrak eta 23 urtez azpikoak, batera korritu genuen, eta 7garren egin nuen. 200 parte hartzaile inguru izango ginen. Nire aurretik 4 senior iritsi ziren.

Zein alde dago triatloia eta aquathloiaren artean?
Aquathloian korri-igeri-korri egiten da; triathloian, berriz, igeri-bizikleta-korri. Triathloian, luzera ezberdinetako probak daude. Esprintean, 750 metro igeri, 20 km. bizikletan eta 5 korrika egiten dira. Gero, olinpikoa dago, esprintaren bikoitza dena. Gero B distantzia, esprintaren laukoitza dena. Gero, Iron Mana dago; 3800 metro igeri, 180 km. bizikletan eta maratoi bat korrika. Iron Man proban, hernaniarren batek parte hartu zuen iaz Hawaiien.

Normalean bakarka hartzen duzu parte, ezta?
Bai. Espainiako klub txapelketa korritu ohi dugu taldeka, bestela gutxitan. Nik esprint eta olinpiko mailako triatloiak korritzen ditut. Aurten, Euskal Herriko zirkuituko 8 proba egin ditut: Lekeitio, Donostia, Gorliz, Ondarroa, Zumaia, Arrasate, Zarautz eta abar Euskadiko selekziorekin ere Madrilen egon nintzen, Espainiako txapelketan eta 5garren egin genuen, bai seniorrean bai 23 urtez azpikoan.

Zer moduz ibili zara Euskal Herriko zirkuituan?
Euskal Herriko zirkuituan postu onena 12garrena izan zen. Hasieran, aldaketara egokitu nintzen, gero hobetuz joan naiz eta denboraldi bukaeran postu onak egin ditut. Lehenengo urtea izateko ez dago gaizki eta hurrengo urterako oso motibatuta nago. Igerilari izan garenok abantaila txiki bat daukagu, igeriketa egiten delako aurrena. Hasieran, onenekin eutsiz gero, bizikletan a rueda jartzen zara. Gero, korrika, ahal dudana egiten dut.

Ba al daude proba gehiago?
Estatu mailako liga bat ere badago, non bi kategoria dauden, 1.a eta 2.a. Gu, ASSekin, Gijonera joan ginen eta, zazpigarren geratuta, 1. mailan mantendu ginen. Espainiako txapelketak ere badaude, bakarka eta taldeka eta gero munduko kopako bi proba, non Euskadiko selekzioarekin nazio arteko selekzioen aurka lehiatzen dugun, Espainia barne. Hor parte hartzeko zirkuituan aurrean ibili behar duzu.

Triatloia kirol gogorra al da?
Triatloian, entrenamendua da gogorrena, denbora asko eduki behar da. Astean 6 egunetan entrenatzen dut, 3 eta 5 ordu artean. Egun berean bi kirol egiten ditut, hirurak ez. Elikadura aldetik, pasta eta entsalada asko jateaz gain, ezer berezirik ez. Mentalki gogorrena igeriketako entrenamendua da, igerilekuan sartuta, bakarrik, entrenatzen dugulako, horrek dakarren nekearekin.

Igeriketa probak ere egiten dituzu entrenamendu bezala?
Bai, aurten Getaria-Zarautz trabesia egin nuen, prestakuntza moduan, eta 5garren egin nuen. Aste Nagusian Donostiako Zurriola-Kontxa trabesian ere 3garren egin nuen. Trabesiak egitea asko gustatzen zait, igerilekua baino gehiago. Hernani K.E.-rekin ere oraindik ateratzen naiz igeriketa probetan, taldeari puntuak ateratzen laguntzeko.

Zein helburu dauzkazu etorkizunerako?
Hurrengo urterako, Euskal Herriko zirkuituan aurrean ibiltzeko asmoa daukat, proba bat irabaztetik gertu ibili nahiko nuke. Munduko Kopako bi karreretara joatea ere gustatuko litzaidake.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!