Atzo eguerdian jokatu zuten idi demaren bigarren jardunaldia. Telleria eta Izeta izan ziren, beren idi parearekin. Telleriak lan ona egin zuen, baina ez zen Matxainek egindako 60 plazetara iritsi. Sekulako beroarekin jokatu zen atzoko proba, baina, hala ere, Telleria eta bere idiak, 58 plazarekin, txapelketa irabaztetik gertu ibili ziren. Izeta, berriz, urruti geratu zen, 38 plaza eta 190 zm. eginda. Bezperako proban Olasagastik 34 plaza, 7 zinta eta 150 zm. egin zituen eta Matxainek, irabazleak, 60. Horrez gain, aurreneko 10 plazak denbora gutxienean egiten zituenarentzat 3 baba zaku jarri zituzten eta Telleriak bereganatu zituen, lan hori 5 minutu eta 2 segundotan eginda.
Zaldi proban ‘Paolla’ garaile
Herenegun gauean jokatu zen zaldi proba. Zaldi parte hartzaileek 800 kiloko harria eraman behar zuten. Imanol Paolla hernaniarra eta bere zaldia izan ziren garaile, 84 plazarekin. Bigarren Guardiren zaldia geratu zen, 64 plaza, zinta 1 eta 35 zm. eginda eta hirugarren Joseba Azkoneta 41 plaza eta 123 zm.-rekin. Idi deman bezala, proba horretan ere 10 aurreneko plazak egiten azkarrenak saria izan zuen; oraingoan 2 baba zaku. Sari hau ere Paollak eraman zuen, 10 plazak 2 minutu eta 29 segundotan eginda. Antolatzaileek Paollaren lan ona azpimarratu nahi izan zuten, eta umorez, Monstruo de Ereñotzu ezizena jarri ziotela aipatu zuten, bere gorpuzkeragatik, zaldiaren ondoan ia bereizi ezin zutela eta. Bestalde, antolatzaileek jakinarazi zuten estreinakoz gauean jokatu zen probak oso harrera ona izan zuela, eguerdian idi demara baino jende gehiago bertaratu baizen. Jende gazte asko azaldu zelako pozik agertu ziren, eta konturatu dira herri kirolak eta zaldi probak bananduz gero, biek ala biek erakartzen dutela jendea.
Jaiak bukaerara iritsi dira
Atzo eguerdian bazkari herrikoia egin zuten eta 50 bat lagunek ederki bazkaldu zuten itzalpean inprobisatutako txokoan. Gauean antzerki herrikoia egitekoak ziren, eta ondoren, Ergobiko Pobre de mi kantatuta, jaiei amaiera ematekoa asmoa zuten.