Ostegunean itxiko dute Tilosetako udako liburutegia

Kronika - Erredakzioa 2006ko abu. 27a, 03:00

Abuztuaren bukaerarekin, udako liburutegiaren bukaera ere iritsiko da. Bi hilabetez izan da irekia Tilosetako liburutegia, liburu, komiki eta egunkariak jendearen eskura jarri ditu eta osteguna, abuztuak 31n, itxiko ditu ateak. Aurten hasi dira Hernanin ekimen horrekin eta Maialen Solá bertako langileak dioenez, erantzun ona izan du, ´hurbildu den jendeak ideia ona iruditzen zaiola esan izan digu`. Liburutegia egunean 4 orduz irekitzen du, goizeko 11:00etatik 13:00ak arte eta 18:00etatik 20:00ak arte. Maialenek dio jende gehiago etorri ez bada, propaganda gehiegi egin ez zaiolako izan daitekeela, ´jende asko informazio bila etortzen da, galdetzera, ezagutzen ez duten seinale`.

Haurrak, irakurle onenak
Haurrak izan omen dira gehien irakurri dutenak. Gurasoak kafea hartzera joan eta haurra liburutegian utzi ohi dute, ´txiki batzuek liburu guztiak jada irakurri dituzte. Ez dute hemendik joan nahi izaten` dio Maialenek. Horregatik, haurrentzat liburu eskaintza haunditu beharko litzatekeela dio. Haurrak, liburutegi ondoko mahaian egon ohi dira irakurtzen, eta inoiz lekurik gabe ere geratu dira, batez ere arratsaldetan. Baina bertan irakurtzeaz gain, etxera ere eramaten dituzte liburuak, hori erakusten du Maialenek abuztuan 21ean egindako zenbaketak. Haurrentzako liburuetan 99 mailegu egin ziren, helduenetan baina ia 30 gehiago. Azkar irakurtzen dituzte, ´aste bete baino lehenago itzultzen dituzte`. Haurrek gehien irakurri duten liburua Ireki baserria eta Ireki Oihana dira, erliebean irekitzen diren marrazki liburuak, ´nik ere irakurri izan dizkiet liburuak, asko gustatzen zaie` dio Maialenek. Hizkuntzari begiratuta, haurrek irakurritako guztia euskeraz irakurri omen dute.

Helduek euskeraz gutxi
Haurren liburuetan baino askoz eskaera txikiagoa izan dute euskerazko liburuek helduen artean, ´10 mailegu asko jota`. Liburutegiko eskaintzan ere, gutxiago dira euskerazkoak, nabarmen, ´160 bat daude gazteleraz eta 60 bat euskeraz, hori izan daiteke arrazoietako bat`. Helduek gehien irakurritakoa nobelak izan dira, ´etorri, autore jakin bategatik galdetu eta liburua bi astetarako eramaten dute`. Badira mailegu asko egin dituztenak, ´emakume batek hiru liburu eramaten ditu bi astero`, baina gazteak faltan bota dituela dio, ´ez da ia bat ere etorri`. Arrakasta duten liburuengatik galdetzean, Bernardo Atxaga gogoratzen du, ´Soinujolearen semea hartuta dago, gazteleraz eta euskeraz. Nobela erromantikoak ere dezente eraman dituzte, gehienbat emakumeek`. Egunkariak, Kronika barne, gutxi irakurri omen dira eta, gainera, arazorik ere izan du, `gazte batzuk egunkaria hartu eta bueltatu ez edo lurrean botata uzten dute`. Hala ere, hori da duen kexa bakarra eta hurrengo urtean esperientzia errepikatzeko prest azaldu da Maialen, ´oso gustora egon naiz`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!