«Animalien sailkapena egiterako garaian genetika da, gaur egun, agintzen duena»

Kronika - Erredakzioa 2006ko abu. 21a, 03:00

IÑAKI Sanz Azkue 25 urteko hernaniarra Biologian lizentziatua da. Arantzadin dabil lanean urtebete ezkero eta UEUko Natur Zientzien sailean ere badabil lanean. Momentuan Aranzadirekin narrastien genetikari buruzko proiektu batean ari da, Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate Sailak emandako bekari esker.

Zertan datza orain egiten ari zaren projektua?

Euskal Herriko Unibertsitateko Genetikako Laborategian nabil, Aranzadirekin narrastien genetikari buruzko proiektu batean lanean, Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate Sailak eman didan beka bati esker. Hori dela eta, Donostia inguruetako sugandila iberiarraren (Pedarcis hispanica) azterketa genetikoa egiten ari naiz. Donostiako Santa Klara irlako eta Urgulleko (garai batean irla zen) sugandila populazioak genetikoki aztertzen dihardut, jakin nahian, espeziearen barruko azpi-espezie bat diren ala ez. Bestalde Gipuzkoa kostako sugandila populazioak ere aztertzen ari naiz. Penintsula mailan, sugandila iberiarraren barruan dauden talde ezberdinen artean, Euskal Herrikoak zeinetan sartuko liratekeen jakin nahi dugu.

Proiektu hori kongresu garrantzitsu batean aurkeztu behar duzu, ezta?

Urriaren 4tik 7ra Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatuta, Donostian, IX. Herpetologia Kongresu Lusitaniar-Espaniarra burutuko da. Proiektua osorik ez bada, emaitza batzuk behinik behin bertan aurkezteko asmoa dut. Bertara Iberiar Penintsula osoko adituak etorriko dira eta Europa osoko, Afrika iparraldeko eta Estatu Batuetako herpetologo batzuk ere espero dira.

Zein garrantzia du ikerketak?

Euskal Herri mailan garrantzia du, orain arte ez baita inoiz Euskal Herriko sugandila populaziorik genetikoki aztertu. Baina Penintsula mailan ere badu bere garrantzia, gure emaitzek esango baitute Euskal Herriko sugandila populazio horiek Penintsulako zein beste populazioetatik dauden genetikoki gertuen.

Zein prozedura jarraitu duzue ikerketa honetan?

Joan den udan laginak edo muestrak biltzen aritu ginen. Sugandilak harrapatu eta isats punta mozten genien, berriro ere hazi egiten baitzaie. Harrapatutako leku berean askatzen genituen. Lagin horiek alkoholetan kontserbatu eta laborategira eraman genituen. Urtarriletik hona buztan zati horietatik DNA atera eta gene jakin bat (b zitokromoa) irakurri nahian nabil. Ondoren sugandila guztien b zitokromoak konparatuko ditugu, populazioaren arteko ezberdintasunak ikusteko. Horretarako bioinformatikaz baliatuko gara, programa informatiko asko behar izaten baita pausu hori egiteko.

Zein berezitasun du sugandila horrek?

Glaziazio garaian, sugandila espezie honek Penintsula Iberiarrean babes hartu zuen, Europako klima hotzetik. Horrek aldaketa genetiko haundiak sortu zituen Penintsulako sugandila iberiarrean eta talde ezberdinak sortu ziren. Hori dela eta, guk Euskal Herriko sugandilak zein taldetan dauden ikusi nahi dugu. Bestalde, Santa Kalara eta Urgulleko populazioak (irla dira edo izan dira,) inguruko sugandilletatik bereizita egon dira milaka urteetan zehar eta horrek berezitasun morfologikoak eman dizkie bi leku horietako sugandilei: ezkata kopuru ezberdina dute, haundiagoak dira, ilunagoak ere badira... baina genetika da egun agintzen duena. Animalien sailkapen bat burutzerako orduan, egun, azterketa genetiko bat burutzea ezinbestekoa da, emaitza sendoak lortu nahi badira. Horregatik ari gara genetika mailan sugandila horiek ezberdinak diren ikusi nahian.

Zein beste lan egin dituzu?

Joan den udan Aranzadiko Bilduma Herpetologikoa (anfibio eta narrastiena) digitalizatzen aritu nintzen. Aranzadik Penintsula osoko anfibio eta narrastiak ditu sailkatu eta kontserbatuta. Momentu honetan Herpetologiako Sailean burutzen ari garen hainbat proiekturen artean, bat, kolekzio hau behar den bezala jartzea da, nahi duenak ikusteko aukera izan dezan. Gipuzkoako ibai eta errekei loturiko hainbat proiektutan hartu dut parte. Etorkizunean, Euskal kostako irla guztietako sugandila populazioen azterketa egiteko asmoa ere badugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!