DUELA 20 urteko abuztuaren 17an, DVk herriko gazteei loturiko albiste bat zekarren. Horren arabera, Hernaniko Gazte Asanbladak, ´herriko gazteak bildu eta aisialdi, kultur eta gainontzeko ekintzak burutzeko gaztetxe baten beharra ikusita`, eskaera hau egin zioten orduko Udalari: ´Kanpo eta barne eremu zabala izango zuen lokal bat uztea` eta lokalak ´gutxieneko baldintza batzuk izatea, kontzertuak, kultur jardunaldiak, tailerrak... egiteko`. Aldarrikapen horrek gaurkotasun haundia du, gaur egun ere Gazte Asanbladak eskaera berbera egina baitu, eta orain gutxi Gazte Txabola bota izanak sortu duen eztabaida kontuan hartuta. 1986. urtean, talde sozialistak gazteen aldarrikapena ´bidezko eta zentzuduntzat` jo zuen eta ´denena eta inorrena izango ez zen kultur etxe bat` egitea aurreikusi zuen, ´Udalaren administrazio kontrolpean` egongo zena. Bestalde, Euskadiko Ezkerrak, ´gaztetxe baten sorrera bermatuko dugu` zioen, eta gaineratu zuen bere alderdia ´ez zela bere antolakuntzaren gorabeheretan sartuko` nahiz eta ´gazteen helburuen berri izan nahian eta leku egoki bat bilatzeko` hauekin harremanetan jartzea proposatu zuen. Plenoan egindako bozketan, alderdi guztiek aldarrikapen honi beren egutegian toki bat egitea adostu zuten. Hurrengo urteetan, Hernaniko herriak gaztetxea estreinatu zuen Paradorean, martxan egon zena orain urte batzuk sute batek suntsitu zuen arte.