Udara da eta Euskal Herriko taldeen artean kanpoan kontzertu gehientsuen izaten dituen talde batean jotzen duzu, Barricadan. Oporretan ere ezin deskantsatu, ezta?
Egia esan nahiago dut lanez gainezka egon; udaran ez bagenu lanik egingo txarra izango litzateke. Gainera, orain disko berria aterata, horrela izango ez balitz, seinale txarra litzateke.
Orain dela lau urte hasi zinen Barricadan jotzen. Azkena izan zinen taldera iristen, nolakoa izan zen hasiera?
Asko poztu nintzen deitu zidatenean. Garai hartan ezkontzak eta berbenak egiten nituen. Hasieran abesti pila bat ikasteko zerrenda neukan, eta bai etxean eta baita kotxean ere, egunero Barricada entzuten pasa nuen hilabete guztia. Lehenbiziko kontzertuetan nahiko urduri jartzen nintzen, baina lauzpabost kontzertu egin eta gero dena oso ondo joan zen.
Eta handik bi urtera zure lehendabiziko diskoa Barricadarekin: ‘Hombre mate hombre’. Bat-batean irrati guztietan zure kanta jartzen dutela entzuteak harritu behar du ezta?
Egia esan bai, esperientzia oso ona izan zen, baina jendea niri begira sentitzen nuen, Barricadako kide berria nintzelako.
Eta orain berriz ‘Latidos y mordiscos’ disko berriaren aurkezpen biran murgilduta zabiltza. Zer moduz dijoa orain arte?
Oso ondo, jendearen erantzuna oso positiboa izan da orain arte. Gainera guretzat lan oso berezia izan da, batez ere, oso zaila izaten delako zure abesti baten bertsio berri bat egitea. Batez ere elektrikotik akustikora pasatzerakoan.
Barricadarekin Hernanin Sagarrondotiken jo zenuen. Berezia izan zen kontzertu hura?
Noski. Oso berezia izan zen. Zure jendearentzat jotzea erantzunkizun haundia da, eta proba hori gainditzeak harro sentiarazten nau nere buruarekin.
Errepikatzeko asmorik ?
Dudarik gabe, nahi duzuenean!!! Disko berriaren harira,
Disko berriaren harira, ‘Barricada’ eta ‘akustiko’ hitzak ez genituen orain arte esaldi berean imajinatzen. Apustu arriskutsua egin duzue, baina ondo ari da ateratzen, ezta?
Lehen esan bezala, jendearen erantzuna oso positiboa izan da. Eta guretzat ederra da Barricadaren hiru belaunaldi elkartzea. Antzokietan (akustikoak orain arte antzokietan egin ditugu) adin desberdinetako publikoa elkartzea lortu dugu. 40 urteko generazioa, 30 urtekoak, eta 40 urtekoen seme-alabak ere bai.
Barricadaren aurretik ‘In Vitro’ eta ‘Estigia’ taldeetan aritu zara. Nolako oroitzapena gordetzen duzu?
Oso oroitzapen ona, batez ere Estigia-n aritu nintzenekoa.
In Vitro-n ere oso ondo pasa nuen, gainera, Barricadan sartzeko aukera eman zidan.
Goazen hasieraraino: noiz eseri zinen lehen aldiz bateria baten aurrean?
Ba, orain dela urte asko, 7 urte nituenean. Gabonetan Olentzerok Feber bateria bat ekarri zidan eta horrelaxe hasi nintzen zarata egiten. Gainera, nire osaba baterijolea zen, eta haren etxera hurbiltzen nintzen berarekin jotzeko.
Aipatu ditugun taldeetaz gain hain serio aritu gabe ere beste talderen batean jo izan duzu?
Noski, Hernanin Gaztetxea zegoenean Ceda el baso eta Desfax izeneko bi taldetan aritu nintzen. A ze nolako urteak!! Eta gero Ostadar taldean berbenak egiten. Beranduxeago, Miramar taldearekin ezkontzetan, eta berbenetan ere bai.
Nola zegoen Hernanin musika giroa jotzen hasi zinenean?
Nahiko ona zen, alde batetik bestera joaten ginen guztiak, gaztetxetik gaztetxera. Oso ondo pasatzen genuen Hernaniko jendearekin, guztiak familia haundi bat izango bagina bezala.
Eta orain, nola ikusten duzu?
Egia esan nahiko utzita daukat. Ia ez dut Hernaniko talderik ezagutzen. Ibiliko dira gu genbiltzan bezala. Baina hala ere, uste dut ez dela lehen bezala, guk kriston pasioa genuen, eta orain ez dut hori ikusten. Egunero entsaiatzen genuen, etenik ia batere gabe. Ez dut uste orain horrela denik.