HAIN zuzen ere, Eñautengatik etorri ziren, hein haundi batean, Bordatxora, ´haurra leku irekietan sentitzen zen erosoen, eta gu baserrikoak garenez hona etorri ginen`. 7 udara daramazkite jada bertan lanean, ´ekainean asteburuetan bakarrik`. Asteburuan goizeko 9:00etan irekitzen dute eta aste egunetan 11:00etan eta itxiera gaueko 21:00ak aldera izaten da. Mizpira Zelai soroak dituen 7.000 metro koadrotan barrena, tabernaz gain, harrizko mahaiak, futbolina, toka gunea, mota ezberdinetako hamaika zuhaitz eta barbakoa gunea aurkitu ditugu. Izan ere, barbakoa egiteko aukera eta zuhaitzek ematen duten itzal amaigabea da joaten den jendeak gehien baloratzen duena, Arantxaren esanetan.
Gehiena, Donostiako familiak
Nahiz eta aurtengo udaran, eguraldia ez den ari asko laguntzen, jende dezente izaten ari direla aitortu dute. Gehienak Donostialdetik etorritakoak izaten dira, lasaitasun bila, ´Trintxerpe, Altza, Herrera eta Errenteriatik etortzen dira gehienak`. Asko igeltseritzaz bizi dira eta beste hainbat famili itsasoan harrapatutakoaz, arrantzaleak dira eta. Horregatik, agian, aisialdirako nahiago dituzte beste paisaje batzuk: ´Donostiatik etortzen diren arrantzaleei, hondartza ez zaie bat ere gustatzen. Nahikoa ur gazi ba omen daukate urtean zehar` dio Arantxak. ´Esaten dute hemengo lasaitasuna ezin daitekeela Donostiako hondartzetan aurkitu`. Aurtengo uztailean lan pixka bat egin dute, baino abuztuan ez askorik, oraingoz: ´oso gutxi ari gara lanean, hilabete hotza izaten ari baita, gau partean jende asko jertse eta guzti ikusten dugu eta!` kexatzen da Arantxa. 2002ko udara gogoratzen du Arantxak onena bezala, ez arrazoi oso osasuntsuengatik, ´Galizia aldean Prestige itsasontzia hondoratu eta kostara galipota ailegatu zenean, tokia jendez gainezka izan genuen.` Noizean behin, gazte koadrila batzuk agertu ohi dira Bordatxora, baina familia osoak gerturatzen dira nagusiki, eta erreka ertzean ´harri txikiz egindako hondartza antzekoan` uzten dituzte haurrak bainuan, lasai ederrean, beren koltxoneta eta guzti. Gurasoak, bitartean, barbakoan haragia erretzen dute edo taberna inguruan zintzurra freskatzen egoten dira, ´kafe, kokakola eta izozki asko saltzen ditugu`. Tabernaren inguruan anekdota dibertigarri bat ere kontatzen du Arantxak, barre artean: ´Ni ez naiz erretzailea, eta behin Chester eskatu zidaten, eta botilei begira ibili nintzen Neska, tabakoa den oihukatu zidaten arte`. Erretzea debekatu dutenetik oso gustora dabil Arantxa, ´orain ez ditut zigarrokinak jaso behar lurretik`. Barbakoarekin ere gauzak hobera egin dutela aipatzen du, ´lehen edozein tokian pizten zuten sua, orain ikatza botatzeko prestatuta dauden lekuetan egiten dute`. Bestalde, azpimarratu nahi dute orokorrean ez dutela arazorik izaten joandakoekin. Bitxikeri moduan, Bartzelonako bikote bat dute gogoan, ´duela 7 urte etorri ziren, tokia gustatu, eta ordutik udararo itzuli dira`. Hala ere, ez da kanpotar askorik ibiltzen Bordatxon, nahiz eta toki aproposa dirudien. Horren arrazoia kanping dendak ez onartzea izango da, segur asko.
Zuhaitz aukera oparoa
Mizpira Zelai soroaren beste ezaugarri bat zuhaitz mota ugaria da. Izena ere zuhaitz mota batek ematen dio soroari, mizpirondoak, hain zuzen. Baina horrez gain, intxaurrondoak, gereziondoak, aranondoak, mahatsondoak, pikuondoak, lizarrak, eukaliptoak, hurritzak eta panpanoak aurkitu daitezke soroan sakabanatuta. Azken hauen presentzia ikaragarria da, 15-20 metro baitituzte. Abillats etxeko Gregoriok behin Arantxari esan zionez, gutxienez 70 urte daramazkite panpano horiek bertan. Makina bat lagunei itzala emandakoak dira, beraz.