Bertso eskolakoak bueltatu dira udalekutik, ederki pasa eta gero

Kronika - Erredakzioa 2006ko abu. 15a, 03:00

Nafarroako Beire herrian bost egun igaro dituzte eta hainbat ekintza egin dituzte han.

HERNANIKO bertso eskolako hamabost bat haurrek Nafarroako Beire herrian, Erriberri ondoan, 5 egun pasa dituzte, eta atzo eguerdian itzuli ziren Hernanira. Ekintzez beteriko egunak izan dira eta bertsotan aritzeaz gain, irteerak, kirola eta musean jokatzeko denbora izan dute. Udaleku honek ondo pasatzea eta adin ezberdineko haurren artean harremana estutzea zuen helburua, eta bete dutela dio Agin monitoreak, ´oso ondo pasa dugu eta haurrak formal ibili dira`. Pena pixka batekin etorri omen dira, motz egin zaielako, ´bi egun bidaian pasa ditugu`. Gainontzeko hiru egunak horrela banatu zituzten: lehenengoan ardoaren museora irteera, ´honakoan monitoreak haurrak baino hobeto pasa genuen`, bigarrena olinpiadak egiteko eta hirugarrena bertsoei eskaini zioten. Aurreko urteetan beste bertso eskola batzuekin egin izan dute udalekua, Algorta, Goizueta, Añorga...´oso aberasgarria izaten da`, baina, aurten bakarrik joan dira. Hurrengo urteetarako esperientzia errepikatu nahi dute.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!