Amabirjinak hasi dira Goizuetan. Atzoko itxaferoarekin ofizialki festetan murgildu zen Goizuetako herria, eta datorren larunbatera arte alaitasuna eta parranda zabalduko dira herriko txoko guztietan. Goizeko 12:00etan bota zuen festen hasiera irudikatzen duen itxaferoa Eli Salaberria Udaleko kideak eta Goizuetako herriari fiesta zoriontsu batzuk opa zizkion. Udaletxean ikurrina eta Nafarroako bandera haundi batzuk ageri ziren, bien erdian Goizuetakoa zutela. Espetxeratua dagoen Iñigo Elizegi goizuetarra ez zuten ahaztu festen hasieran eta bere argazki handi bat jarri zuten zintzilik azpian amnistia leloarekin. Horrez gain, Euskal Herriak du hitza eta erabakia zioen beste pankarta bat ere eskegi zuten geroago. Jende mordoxka bildu zen plazan, haurrak gehienbat. Konfeti artean, erraldoi eta buruhaundien konpartsa atera zen herrian barrena eta trikitilarien laguntzaz jende asko Etxerateko txoznara hurbildu zen euskal preso eta errefuxiatuen adeko brindisa egitera.
Gaurko hainbat ekitaldi
Gaurko, Amabirjinaren egunerako, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Goizuetan. Horien artean, herriko pilota plazaren inaugurazioa da azpimarragarriena. Aimar Olaizolari omenaldia egingo diote inaugurazioarekin batera eta berak egingo du ohorezko sakea. Eguerdiko 13:00etan izango da hori. Horrez gain, entzierroa, dantza, meza, txistulariak, zezenak, herri kirolak, afari herrikoia, txarangak eta kontzertuak egongo dira, plazan eta gaztetxean.
Gaur Goizuetan
07:00: Tolosako dultzaineroekin diana.
08:00: Entzierroa ‘Lasturko’ zezenekin.
10:30: Meza Nagusia eta segidan Amabirjinarekin prozesioa.
12:00: Umore Ona dantza taldearen emanaldia, Plaza.
12:30: Txistularien banda eta erraldoi eta buruhaundien konpartsa herriko kaleetan barrena.
13:00: Herriko pilota plazaren inaugurazioa. Aimar Olaizolari omenaldia. Segidan lehenbiziko mailako afizionatuen arteko pilota partidu interesgarria. Ondoren Igandea txaranga herriko kaleetan barrena.
18:00: Zezenak, Plazan.
20:00: Herri kirolak, Plazan.
22:00: Euskal presoen aldeko afari herrikoia Umore Ona elkartean. Ondoren euskal presoen aldeko kalejira.
24:00: Dantzaldia Trakets taldearekin, ondoren Igandea txarangaren irteera.
24:00: Kabul eta talde sorpresa baten kontzertua, Gaztetxean.