Nola funtzionatzen du diafreoterapiak? Zein da helburua?
Diafreoterapiak gorputz osoaren armonia eta oreka berreskuratzea du helburua. Horretarako diafreoterapia jotzen duen pertsonaren gorputzaren irakurketa egiten da: zein forma, hutsune eta gabezia dituen aztertzen da. Gorputzak adierazten duena irakurtzen saiatzen gara. Adibidez, pertsona batek izan dezake lepoan sekulako tentsioa. Gorputzak dituen tentsioak izan daitezke adierazi gabeko eta gordetako emozioak, blokeoak. Diafreoterapiaren oinarrietako bat da, gorputza eta emozioak, dena lotuta dagoela. Tentsio hori landuz blokeo horiek ere landu daitezke eta gorputzaren oreka eta forma berreskuratu daiteke.
Zeintzuk dira diafreoterapiara jotzen duten pertsonen ohiko arazoak?
Mota guztietako arazoek bultzatuta etortzen da jendea. Esaterako min fisikoren bat dela medio, baita antsietateak, depresioak, estresak....jota ere. Arazo hauek gure gorputzaren mugekin zerikusia dute. Gorputzak estimulo positiboekin funtzionatzen du. Askotan gure bizitzako pasarte gogorrak momentuan ezin ditugu bideratu. Horrelakoetan gorputzak emozioak blokeatu egiten ditu, aurrera jarraitu ahal izateko. Blokeoak gure gorputzean islatzen dira eta gu maitasun haundiarekin, blokeo horiek lantzen saiatzen gara Prozesua gogorra izan daiteke, izan ere, momentu batean pertsona bati asko kosta dakioke zenbait sentimendu, beldur edo arazo onartzea. Horretarako bitartekoak jartzen ditugu emozioen espresio horiek bideratzeko eta ez hain gogorra izateko. Lagungarria izan daiteke beste terapia holistikoen erabilpena: bach loreak, koloreak, reflexologia...
Diafreora jotzen duen pertsonak bere arazoak lantzeko prozesuan parte hartzen du, ezta?
Bai, esan daiteke neregana jotzen duen pertsonari bere ibilbidean lagundu egiten diodala. Ohitu gara mediku batek gure gaixotasunak senda ditzan, gu batere inplikatu gabe. Diafreoan gaixoa bere arazoetaz konturatzea beharrezkoa da, baldin eta aurrera egin nahi badu.
Zenbat urte daramazu diafreoarekin lanean eta ze harrera izan du?
1992 urtean hasi nintzen diafreoarekin. Lehenago kiromasajea ere ikasi nuen. Horrez gain, loreekin terapiak egiteko ikastaroa ere egin nuen eta baita koloreekin ere. Energien inguruko ikasketak ere egin ditut. Lanean daramazkiten urteetan ez dut propagandarik egin eta ez zait jenderik falta izan. Ez dut propaganda egiteko beharrik izan, jendeak ahoz aho jakin baitu teknika bitxi honen berri. Denetariko jendea izan dut, 3 hilabeteetako haur batetik hasi eta 100 urteko emakume batetaraino. Pertsona bakoitzak duen arazoaren arabera, taldeka edo bakarka egin daiteke lana.
Zer egin behar da zurekin harremanetan jartzeko?
Kontsulta Oarso kalean dut, 3garren atean, 2-1ean. Telefonoz deitu nahi izanez gero zenbakia 943-331169 da.