Serrano 6garren Burgosko Itzulian

Kronika - Erredakzioa 2006ko abu. 11a, 03:00

Ricardo Serrano, Ereñotzun bizi den txirrindulariak, 6garren bukatu du Burgosko Itzulian, liderretik 1:01era. Iban Mayo izan da azkenean itzuliko garailea, nahiz eta larri ibili zen Comunitat Valencianakoen ekinagatik. Atzoko etapa Ivan Gutierrezek irabazi zuen, eta Serrano aurrean sartu zen, 5garren hain zuzen, 4 segundotara. Serrano pozik agertu da egindakoarekin eta ´esperotakoa` bete duela esan du, 10 aurrenekoetan bukatzea, alegia. Itzuli honetan oso azkar joan direla azpimarratu du, eta haize indartsua izan dutela ere bai. Serranok denbora dezente zeraman korritu gabe eta horregatik bazuen zalantzarik emango zuen mailarekin, baina bere burua ´nahiko ondo` aurkitu duela dio. Laisterketa hau ongi etorri zaio prestakuntza moduan, asteburu honetan Donostiako Klasika eta Urkiolako igoeran parte hartuko baitu.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!