«Gaurko kontzentrazioan eskatuko dugu presoen kontrako salbuespen neurriekin bukatzeko»

Kronika - Erredakzioa 2006ko abu. 11a, 03:00

Zer da kontzentrazio honetan aldarrikatu nahi duzuena?
Gaurko kontzentrazioaren lema da ´PSOE: salbuespen neurririk ez. Euskal Presoak Etxera`. Eskatu nahi dugu euskal presoen kontra indarrean dauden salbuespen politikarekin bukatzeko. Gaur egun ez dira ez preso ez senideen eskubideak errespetatzen, eta horren ondorioa da joan den astean gertatu zitzaigun istripua. Sakabanaketa politikarekin jarraitzen da, gaixo dauden presoen eskubideak ez dira betetzen, senideen eskubideak ez dira errespetatzen, kondenaren 3/4a beteta duten presoak ez dira aske uzten eta ikasteko eskubidea ez da betetzen, besteak beste. Preso eta senideen eskubideak errespetatu eta salbuespen neurri hauekin bukatzea nahi dugu. Salbuespen neurri hauek presoak eta senideak presionatzeko neurriak direla ikusten dugu, hau da, preso eta senideekin joko politikoa egiten dela. Kontzentrazioa arratsaldeko 20:00etan izango da Tiloseta atzekaldean. Berez PSOEren egoitzaren aurrean egin behar genuen, baina debekatu egin dute.

Nola gertatu zen istripua eta zein eragin izan du zuengan?
Istripua Loiu aldera gindoazela gertatu zen, goizeko 05:15ak aldera. Deba eta Elgoibar artean autoak irrist egin zuen eta lau bat buelta eman ondoren medianaren kontra jo genuen. Kotxea karril bat okupatzen zuela geratu zen eta istripuaren ondorioz kotxea argirik gabe geratu zen. Arrisku haundiko momentua izan zen, kotxeak gainera etortzen bazitzaizkigun. Kamioi bat ere bidetik atera zen kotxea eskibatzeagatik. Ondo ginela ikusi genuenean, 112 telefonora deitu genuen eta autopistakoak eta Ertzaintza agertu ziren, handik 10 bat minututara. Istripua bideratzen eta paperak egiten ordu eta laurden pasa genuen. Gero seguruko taxia hartu eta justu-justu hartu genuen hegazkina. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun istripuaren ondoren bisitara joatea. Anaia kezkatuta egongo zela pentsatu genuen eta hura lasaitzea garrantzitsua zela. Niri eta neskalagunari ezer ez gertatu ez izana sekulako suertea izan da. Kotxea, hala ere, txikituta dago eta sustoa ikaragarria izan da. Beldurra ematen digu berriro ere kotxearekin karreterara ateratzeak.

Behin baino gehiagotan esan duzue Hernanin jende asko dela astebururo bisitak egitera joaten dena....
Bai, gaur egun Hernaniko 24 preso daude eta haietako bat bera ere ez dago Euskal Herriko espetxe batean. Gutxi gorabehera 50 pertsona ateratzen dira astebururo karreterara preso duen senide edo laguna bisitatzera. Bisita horiek sekulako gastua dakarkite diru aldetik eta denbora aldetik. Eta zer esanik ez ekartzen duen arriskua. Joan den astean niri eta neskalagunari gertatu zitzaigun baina edonori gerta dakioke. Askotan senideak berak ere ez dira arrisku horretaz jabetzen. Maitasunak eta elkartasunak bultzatzen baitituzte kartzelan duten senide edo laguna bisitatzera. Ez gara konturatzen gertatu arte. Joan den asteko istripua aurtengo 15garrena izan da, Euskal Herrian. Guztira 31 pertsona izan gara istripu hauek jasan ditugunak.

Bukatzeko, zerbait esan nahi zenuke....
Bai. Herritarrei deia egingo nieke gaurko kontzentrazioan parte hartzeko. Egoera aldatzeko gobernuari eta instituzioei presioa egin behar diegu denen artean. Horretarako beharrezkoa da herritarren laguntza eta inplikazioa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!