Txirritaren bertsoak, duela mende bateko San Joanetan

Kronika - Erredakzioa 2006ko abu. 10a, 03:00

Gaur, mende bat betetzen da Hernaniko albiste bat argitaratu zela La Baskonia aldizkarian. 1906ko abuztuaren 10ean Argentinan argitaratzen zen aldizkari horretan, Correo de Euskaria atalean, hain zuzen, Euskal Herriko hainbat tokien berri ematen zuten. Horien artean, Gipuzkoako Irun, Orio, Hernani, Zumaia, Lasarte eta abarreko albiste motzak azaltzen ziren. Hernaniri dagokionez, San Joan eta San Pedro jaiei buruz informatzen zuen La Baskoniak, ´se han celebrado espléndidamente las fiestas patronales de San Juan y San Pedro, favorecidos por un continente respetable de forasteros`. Hernanin San Joanetan hartzen dugun jende uholdea ez da atzo goizekoa, hortaz. Gero, artikuluak jaien egitarauan sakontzen zuen, zezenketei tartea eskainiz. Adierazpen bitxi eta aurrerakoi batekin egiten zuen, gainera: ´...a excepción del desdichado espectáculo taurino, que es necesario quede abolido de una vez en nuestro país, el programa fue atrayente`. Donostiako Aste Nagusia gertu dela eta, gaurkotasuna ez du galdu aldarrikapen zahar honek. San Joanetan ekitaldi gehiago ere egon ziren, ´...ruedas de fuegos artificiales zezenzusko, bailables a granel por la banda municipal alternando con el incansable chistulari...`. Bazen non gozatua orduan ere! Txirrita, orfeoiarekin Txirrita zena ere ibili zen, Orfeoiarekin bat, bertsotan 1906ko jai haietan, giro onean, dirudienez. Horrela ematen zuten haren berri: ´Acudió también el Orfeón basko con el improvisador Sr. Chirrita, que hizo saltar de risa, con satisfacción de las echekoandres`. Hala ere, tanborrada, ´la nota distintiva`, eta udal bandak jotako Donostiako martxa, ´muy celebrada por el vecindario`, izan ziren urte hartan protagonista, La Baskonia-ren esanetan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!