«Musikariak diana egin behar du, ez dago akatserako tarterik»

Kronika - Erredakzioa 2006ko abu. 14a, 03:00

Kontaiguzu Judith, zergatik hasi zinen saxofoia jotzen?
Ikastolan ginela neska-mutil mordo bat sartu ginen musika tresnak jotzera eta nik uste inertzia horregatik izan zela. Orduan Erramun Oiartzabal zebilen irakasle musika eskolan eta berak egin zuen nolabaiteko bilketa hori. Dena den, garai haietan nik dantza klasikoa egiten nuen eta saxofoia pixka bat alboratu nuen, hamabost urterekin ekin nion serioski musikari, dantza utzi nuenean.

Zein izan da zure ibilbidea ordu ezkeroztik?
Oreretako kontserbatorioan hasi nintzen, Josetxo Silguerorekin. Gogoratzen naiz haren kontzertu bat entzutera joan eta horrek piztu zidala jakin-mina, saxoa jotzeko beste exijentzia bat zen hura, nire izaerarekin oso ondo zetorrena. Goi mailako musika ikasketak amaitu eta musika magisteritza egin nuen Bilbon; bitartean lanean aritu nintzen zenbait musika eskolatan eta Euskadiko Orkestrarekin kolaboratzen hasi nintzen...

Oker ez banago, Bordelera joan zinen orduan, beka bat eskuratuta. Aldaketa haundia izan al zen zuretzat?
Hemen lotura gehiegi nituen, ez nuen denborarik musikara dedikatzeko eta bekak askatasun hori eman zidan. Frantzia da saxo klasikoaren erreferentzia eta horren barruan Bordeleko kontserbatorioa; hamar ikasleetatik zortzi atzerrikoak ginen eta oso esperientzia interesgarria izan zen, bere horretan, ikasle giro ederra bizi izan nuen han.

Ederra, baina aldi berea sakrifikatua dirudi...
Bai, eta batez ere gaztetxo garaian. Ikasketak ez dira inoiz amaitzen, konstantzia handia behar da... baina aldi berean askatasuna ere ematen du. Nik Bilboko Bandan jotzen dut eta afizioa ofizio bihurtzeko pribilejioa izan dut. Lanbide hau kirolari profesionalen oso antzekoa ikusten dut, Bandarekiko ardura badut, baina exijentzia pertsonala ere bai.

Ordu asko saxoa eskuetan... perfekzionista izan behar da?
Kontua burua erabili eta soluzioak bilatzea da. Ni harritu egiten nintzen Bordeleko nire irakaslearekin, Marie-Bernardette Charrierekin, txikia eta ahula zirudien, baina sekulako nerbioa zuen, kaja toraziko handienen pare jartzen zen. Bestalde, egia da perfekzionista izan beharra dagoela, askotan dardo tiratzaileekin konparatzen dute musikaria, diana egin behar du, ez du akatserako tarterik. Esaterako, Rabelen boleroan solo bat jotzeko mila bider entseiatu behar duzu; presio haundia izaten da, akatserako aukera hor dagoelako.

Zein da saxoaren panorama Euskal Herrian?
Datu bat: Bilboko Bandan musikarien erdi baino gehiago Valentziakoak dira. Valentzian musika elkarteak hemengo elkarte gastronomikoak bezala dira, sekulako afizioa dago eta noski, influentzia haundia dute musikari postuak lortzerakoan. Bilbokoa da banda profesional bakarrenetakoa eta bost saxojole gaude, 40 urtetik beherakoak, horrek esan nahi du urte askoan ez dela posturik aterako... ez dago erraza.

Jazza gustatzen zaizu? Izan zara Jazzaldian?
Bai, izan naiz. Jazza entzutea gustatzen zait, baina ez dut nire burua hor ikusten, nahiago ditut tendentzia modernoagoak, elektronikoak. Baina gustatu... niri musika gustatzen zait!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!