Chillida Lekun ingurugiro tailerra emango dute gaur hasi eta ostegunera arte. Eduardo Chillida eta ingurumena du izenburua tailer honek eta bertan 8 eta 12 urte bitarteko haurrek sorkuntzaren prozesua ezagutu eta praktikara eramango dute, museo barruan interbentzio proiektu bat landuz. Ekimen horren bitartez, parte hartzaileen somaketa eta sormena garatu nahi dira. Horrez gain, ingurumena eta ondare artistiko eta historikoa errespetatzen ikastea da helburua, talde lana eta pentsamendu kritikoa garatzen den heinean.
Egitaraua
Tailerra arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara izango da. Gaur, lehendabiziko egunean, Chillida Leku museora bisita egingo dute, eta bertan zentzuekin esperimentatzen ikasiko dute haurrek. Artea eta naturarekiko sentsazioak bereizi eta adierazita, landuko den espazioa ezagutuko dute, plano eta argazkien bidez. Bigarren egunean, museoan dauden zuhaitzak aztertuz, Zuhaitz ideiaren inguruko ikuspegi propioa sortuko dute haurrek. Egun honetako helburua zuhaitz eskultura bat sortzea da. Azken egunean, haur bakoitzak bere artelana beste ikaskideei aurkeztu beharko die eta guztien artean erabakiko dute lanak non kokatu. Azkenik, artelan bakoitzari argazki bat atera eta liburuxka bat osatuko dute, oroitzapen gisa.