Erroizenea munduko ‘handball’ txapeldun, binakakoan

Kronika - Erredakzioa 2006ko abuztuaren 8a

Garikoitz erroizenea pelotari hernaniarra munduko txapeldun gelditu zen atzo, Amantegirekin batera, Edmontonen (Kanada) jokatzen ari den handball txapelketan, one wall modalidadean. Finalean, Daly-McCarthy bikote irlandarra hartu dute mendean: 21-18 eta 21-2. Txapela lortzea ez da lan samurra izan, final laurdenetan Doyle-Flynn bikoteari irabazi zieten, 25-12, eta final aurrekoan Fraser australiarra eta Jenkins kanadiarra kanporatu zituzten, 21-1 eta 21-2. Horrela, euskaldunek Dublinen 2003an irabazitako txapelak berretsi dituzte.

Banakakoan ezin
Binakako partiduez gain, banakako one wall partiduak ere jokatzen aritu dira, aldi berean. Parte hartu zuten lau euskaldunak final aurrekora iritsi ziren, hortaz, argi zegoen txapela bereganatuko zutela. Azkenean, Egoitz Amantegi abadiñoarrak jantzi zuen txapela, atzoko finalean Erauzkin II lemoarra gainditu ostean, 21-14 eta 21-13. Erroizeneak ezin izan zuen finala jokatu, Erauzkin II azpi txapeldunaren aurka final aurrekoa galduta.

2003ko emaitzak hobetu
Euskal Selekzioak 2003an, Dublingo munduko txapelketan, lortutako dominak berdintzeak ez zirudien nolanahiko lana, baina, berdindu bakarrik ez, hobetu egin dituzte. 2003an, bi titulu lortu zituzten, eta aurten, horietaz gain, banakakoan bigarren postu bat ere lortu dute. Gainera Euskal Selekzioaren nagusitasuna argia izan da banakako one wall modalitatean, final aurrekoetan laurak baitziren euskaldunak.

‘Handball’-a ez da pelota
Izenak dioen bezala, one wall (pareta bat) modalitatea pareta bakarrean jokatzen da. Ez da, hortaz, Hego Euskal Herrian ezagutzen dugun pelota jokoaren berdina. Tanteoa ere ezberdina da, handballean 21 tantutako 2 setetara jokatzen baita, eta berdinduz gero, 11ra jokatzen da azkeneko bat. Bitxikeri modura, aipatu estatubatuarrek eskularru finekin jokatzeko ohitura dutela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!