Urumeako autobideko obrak aurrera doaz eta hori dela eta duela 15 bat egun, Urumeako autobidearen zati den Hernaniko bariantea itxi zuten, Astigarragako norabidean. Diputazioak jakinarazi duenez, hilaren 14rako irekiko dute berriro ere. Diputazioak jakinarazi duenez, Hernaniko bariantea itxi dute Hernanitik Martutenerako tramoa eraikitzen ari direlako eta autobiaren pareta eraiki behar dutelako. Azaldu dutenez segurtasunagatik itxi dute bidea.
2008 urterako bukatuta
Urumeako autobidea bariante ezberdinek osatzen dute, Andoaindik Donostirako 14 kilometrotan. 2008rako denak erabiltzeko moduan izango direla aurreikusi du Diputazioak. Obrak 179 milioi euroko aurrekontua du. Hernaniko bariantea eraikita dago, nahiz eta etorkizunean karrilak bikoiztea aurreikusita dagoen. Urnietako barianteko obrak joan den ostiralean inauguratu zituzten ofizialki eta 2008 urte hasierarako bukatuko dutela aipatu zuten. Andoaingo barianteko proiektua eta obrak subasta bidez kontratatzea onartu dute abuztu hasieran. Astigarraga barianteko obrak hasiak dira eta 2006ko urrirako bukatzea espero dute. Martuteneko bariantea ere hasi dira egiten eta udaberrirako irekiko dute. Loiolako bariantea aldiz, 2007 bukaerarako bukatuta egotea espero dute. Urumeako autobideak eraikitzen ari diren bigarren zinturoiarekin lotura izango du Astigarragan.
´Gipuzkoak duen arazorik haundienetarikoa`
Urnietako bariantearen inaugurazioan izan ziren Joxe Joan Gonzalez de Txabarri, Diputatu Nagusia, eta Josu Agirrezabalaga, Gipuzkoako Errepideetako zuzendari nagusia, beste hainbat instituzioetako ordezkariekin batean, tartean, Joxan Rekondo, Hernaniko Alkatea. Diputazioak azaldutakoaren arabera, Urumeako autobidea Gipuzkoako trafiko aldetik duen arazorik haundienetarikoa konponduko da: ´G1-131 errepidearentzat alternatiba izango da eta Andoain, Hernani eta Astigarragatik Donostiara joaten direnen kotxeentzat bide azkarra izango da. N-1a kolapsatzen denerako alternatiba ere izango da Urumeako autobidea.
Urnietarako autobia alternatiboa eskatu zuten
URNIETAKO autobide alternatiboa eskatu zuten, Arnasa plataformako, Berrasuetako auzo elkarteko eta Urnietako autobidearen aurkako koordinadorako zenbait kidek, Urnietako saihesbideko obren inaugurazioan.
Denen izenean hitz egin zuen Mikel Izagirrek eta azaldu zuen ez daudela autobidea egitearen kontra baina, Diputazioak egingo duen saihesbidea egiteko Urnietako Lekun eta Almortzategi baserriak bota egin beharko direla aipatu zuen. Zibulio baserria 18 metroko talud baten gainean geratuko dela ere azpimarratu zuen. Saihesbidea Urnietako zentrotik 50 metrotara eraikiko dutela azaldu zuen Izagirrek eta Berrasoetako basoa txikitu egingo dutela. Horren aurrean, autobiarentzat ibilbide alternatiboa eskatu zuten eta proiektua Diputazioan aurkeztu zutela aipatu zuten. Ibilbide alternatiboak basoa eta baserriak dauden bezala utziko dituela eta herritarrekiko eragina gutxituko duela azaldu zuen.