Lore-Toki: munduko zaldi onentsuenak Hernaniko zelaietan hazten dituzte

Kronika - Erredakzioa 2006ko abu. 7a, 03:00

Datorren abuztuaren 14an zazpi moxal ‘pura sangre’ subastatuko dituzte, Donostiako Aste Nagusiarekin. Lore-Toki behortegia Donostia eta Hernani artean banatzen da eta 20garren hamarkadan sortu zuten.

Lore-Toki izeneko finka ezaguna da hernaniarren artean: Errekaldera bidean aurkitzen da, Zabalaga ondoan, eta gaur egun behortegi militarra da. Bertan, zazpi moxal pura sangre ingeles subastatuko dituzte datorren abuztuaren 14an, Donostiako Aste Nagusiarekin batera.

Subastan parte hartzeko baldintzak

Subastaren iragarpena Estatuko Boletin Ofizialean kaleratu dute. Bertan azaltzen denez, subasta goizeko 11:30etan hasiko da eta parte hartzeko diru kopuru bat utzi beharra dago lehenik, enkantera prezio altuenarekin ateratzen den zaldiaren %25a (3.000 euro); beraz 750 euro utzi beharko dira aurretik fidantzan. Horretaz gain, subastan parte hartu nahi duenak nortasun agiria erakutsi beharko du. Subastarako pleguek diotenez, salduko diren moxalak bost egun lehenago egongo dira ikusgai Lore-Tokin, goizeko 11:00etatik 14:00etara. Hain zuzen, abuztuaren 11n, ostiralarekin, moxal horien aurkezpena egingo dute, eguerdiko 13:00etan. Subasta egunean parte hartzaile bakoitzari kartulina eta zenbaki bat emango zaio eta behin hasita, inork gehiagok ezingo du sartu bertara. Prezioen eskaintzak ahoz egingo dira eta kartulina altxatuz.

Urteroko ohitura

Ez da lehenengo aldia Lore-Tokin zaldiak subastan ateratzen direla. Izan ere, urtero egin ohi da horrelako subasta bat, Aste Nagusia aitzaki hartuta. Iaz esaterako, hamaika moxal jarri zituzten enkantean. Horietatik prezio altuena lortu zuena Club Nautico izeneko bat izan zen, 5.500 eurotan saldu zen moxala. Beste hiru moxal ez ziren saldu, inork ez zuelako eskaintzarik egin eta gainerakoak 3.000 eta 4.500 euro artean erosi zituzten enkantean parte hartu zutenek; horietako batek, Zerain izeneko moxalak, ama Hernani izeneko behorra zuen.

 

Hernaniraino iristen ziren Alfontso XIIIren dominioak eta zaldi ingelesak

LORE-TOKIK ia mende bateko historia du zaldiei lotuta. 1921ean Alfontso XIII Espainiako erregeak finka guztia erosi zuen, bere behor ingelesen ikuiluak jartzeko. Erregeak bazuen beste behortegi bat Aranjuezen, baina Lore-Tokikoa alternatiba gisara erabili zuen.
Zaldi karrerak modan zeuden garai haietan. Lasarteko hipodromoa, adibidez, 1916an inauguratu zuten, Lehen Mundu Gerra zela-eta; Europako zenbait hipodromo itxi zituztela aprobetxatuz. 1931n, Errepublika aldarrikatu zenean, behortegia galdu zuen Alfontso XIIIk. Ondoren Estatuaren eskuetan geratu zen eta behortegi militar bihurtu zen (soldaduska bertan egin dute askok eta askok). Francok zalditegia ederki hornitu zuen, nazien konfiskaziotik ihesi Espainiara bidali baitzituzten abere garesti hauek Frantziako zenbait aberatsek.
Lore-Toki izan zen urteetan zehar zaldi karreretako behortegi garrantzitsu eta hegemonikoa Estatu espainiarrean. Bertako instalazioak haztegi eta ikuilu bezala erabili zituzten eta Europatik eta mundu osotik ekarritako hazitarako zaldi eta umetarako behorrekin zaldi paregabeak atera dira bertatik. XX. mende amaieran, ordea, nagusitasuna galdu zuen, beste haztegi batzuen aurrean.

Etxebizitzak egiteko proiektua Donostiako partean

Azkeneko hilabeteetan Lore-Tokiren izena etxebizitza proiektu batekin lotu izan da. Donostiako alkateak, Odon Elorzak, Defentsa Ministerioarekin hitzartutakoaren arabera, 258.000m2 erosiko lituzke Donostiako Udalak (Donostiako zatia) bertan 1.400 etxebitiza eraikitzeko. Proiektuak eztabaida sortu du, besteak beste, inguru hori, Zabalagarekin batera, ´Babesgune ekologiko eta paisajistiko` bezala katalogaturik dagoelako.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!