Tilosetako dantzaldia desagertzear

Kronika - Erredakzioa 2006ko abuztuaren 6a

Horrela zioen duela 25 urteko egunkari batean aurkitu dugun kronikak. 1981. urtean dantzaldiak ospatzen ziren oraindik Tilosetan, baina orduko abuztuaren 6an argitaratutako albiste horrek udararako etena iragartzen zuen. Bi arrazoi eman ziren horretarako: batetik, Tilosetan biltzen zen jende eskasia eta bestetik kontratatutako musika taldeei ordaintzeko arazoak. Hori konpontzeko Udala eta herriko saltegi eta enpresak harremanetan jarri ziren, baina kosta egin zitzaien irtenbide bat bilatzea. Horregatik, Hernaniko Udal Korporazioa dantzaldiak bertan behera uztekotan zebilen, uda garaian behintzat.

Aitzina, oso arrakastatsuak

Tilosetako dantzaldiak oso arrakastatsuak izan ziren iraganeko hainbat hamarkadetan. 50 eta 60kotan jende asko bildu ohi zen igandeetan egiten ziren dantzaldietan. Ez zuten bikote gutxik bertan elkar ezagutu, egun gure guraso edo aiton-amona direnak. Bertan ez ziren hernaniarrak bakarrik biltzen, beste herrietatik ere jende asko hurbiltzen zen dantza pixka bat egin eta jai eguna giro onean pasatzera. Tilosetako giroa kaxkoko kaleetara ere zabaltzen zen eta kaleak jendez betetzen ziren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!