donostiako Musika Hamabostaldia abuztuaren 3an hasi zen eta irailaren hasiera arte iraungo du. Kontzertu asko izango dira bitartean, Donostian, baina Hernanira ere iritsiko dira musika doinuak, Chillida Lekura hain zuzen ere. Abuztuko lau igandeetarako lau kontzertu daude aurreikusita, eta gaur izango da lehenengoa: Kup ahots-taldea. Kontzertua 19:00etan izango da, eta sarrerak salgai 18:00etan jarriko dituzte, Chillida Lekun bertan, 10 euroan.
Kup Taldea
Kup ahots-taldea 2003an sortu zuten, modu espontaneoan, musika gozatu eta kalitatezko talde bat nahi zuten gazte batzuk. Gabriel Baltés hartu zuten zuzendari, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko (Musikene) irakaslea bera. Baltések profesionalitatea eman dio taldeari, eta taldeak duen esperientzia (koadrila gaztea izanagatik) kontuan izanda, azkenean, obra haundiak eta konplikatuak interpretatzeko gai izatera iritsi dira.
Hurrengo kontzertuak
Abuztuaren 13an Almudena Ortega, sopranoa. 20an: Catalin Bucaratu, biolinjolea. 27an: Aristizabal-Barandiaran bikotea, pianoan.