Mendi-mendiyako igerilekua irailaren 1erako irekitzeko asmoa daukate udal arduradunek. Obrak azken txanpan daude eta dena ondo joanez gero, irailean aisialdi gune berri bat izango da Hernanin. Gune osoak 12.000 metro koadro izango ditu eta horietako 1.000 ur eremuak hartuko ditu. Ur eremua denbora pasarako pentsatua dago eta ez igeriketarako. Horren inguruan, belardia, aldagelak, kafetegia eta aparkaleku bat izango ditu. Hala ere, kafetegia ez da irekierarako prest egongo eta janari makina batzuk jarriko dituzte, haren ordezko. Beste guztia irailaren 1erako prest egotea espero dute, nahiz eta oraindik belardian belarra ez den hazi. Aparkalekua debalde izango da eta 40 bat leku edukiko ditu. Arduradunek espero dute dena abuztuaren 26rako martxan egotea eta hurrengo astean hondarraren eta uraren funtzionamenduak probatuko dituzte, irekierarako dena ondo lotuta izateko. Udako denboraldiaz kanpo, belardia eta kafetegiari erabilera emateko nahia erakutsi dute.
Gauza berriak gehitu dira
Hasieran proiektuak biltzen ez zituen erabaki batzuk gehitu dira azken asteotan, Jose Antonio Cuesta, Obra Publikoetako zinegotziaren esanetan. Horien artean, 400 metro koadroko eremu bat dago, jendeak janaria eramateko mahai batzuekin osatuko dutena. Sarrera kontrolatzeko sistema nolakoa izango den ere erabaki dute, eta kiroldegian bezalakoa izango da, txartelarekin pasatzekoa. Filtroen aldaketak kiroldegiko igerilekuaren antzera egingo dira, han gustora omen daudelako sistemarekin; gainera, mantenimendurako ere errazagoa omen da.
Tarifak eta ordutegia
Ur parkerako prezio publikoak jada finkaturik daude. Egun baterako sarrerak eta denboraldiko bonoak hartu ahal izango dira. Igerileku irekiaren ordutegia goizeko 10:00etatik arratseko 20:00ak arte izango da, egunero.