«Kontratazio prozedura zuzena izan da eta lege eskakizunak zorrotz bete dira»

Kronika - Erredakzioa 2006ko abu. 5a, 03:00

KIROL Patronatuko kontratazio mahaiak azalpenak eman nahi izan ditu ´ikastaroen esleipen prozeduraren inguruan zenbait erabiltzaileren zalantzen aurrean`. Kirol Patronatuak argi utzi du ikastaroak eskainiko dituen enpresaren kontratazio prozedura zuzena izan dela prozedura guztian zehar, eta lege eskakizunak zorrotz bete dituela. Horrez gain aipatu du, ez dela kontratazio mahaiaren lana ´erabiltzaileek orain arte Patronatuan, dedikazio osoz, lanean aritu diren monitoreekin izan ditzaketen begirunea eta adiskidetasuna baloratzea`.

´Mahaiaren ardura, legea betetzea`
Patronatuak azaldu du derrigorrezkoa zela lehiaketa publiko eta irekia deitzea: ´mahai honen ardura legea betetzea da eta legeak dio kontratu mota honek bi urteko iraupena duela eta bi urte gehiago luzatu daitekeela. Amaitutakoan derrigorrezkoa da deialdia egitea eta hori da egin duguna`. Kontratazio mahaiak dio, legeak exijitu egiten duela ´enpresek eskubide berdinekin eta baldintza berdinetan lehiatzeko` aukera eskaintzea, ´inolako pribilegiorik eman gabe`.

Deialdira hiru eskaintza aurkeztu ziren
Kontratazio mahaiak azaldu du deialdira hiru enpresa aurkeztu zirela eta honako baremoen arabera egin zela aukeraketa: zerbitzua, eskaintza ekonomikoa, eta euskara, besteak beste. Horrez gain dio, ordura arte zerbitzuak eskaintzen ari zen enpresak garaile atera zen enpresak baino puntuazio txikiagoa lortu zuela. ´Ez dago azalpen gehiago` gehitu du.

´Mahaiak teknikoen erabakia berretsi du`
Kontratazio mahaiaren eginbeharra ´zerbitzu teknikoen balorazioak zuzenak diren edo ez, eta objektibotasunez egin diren edo ez egiaztatzea` dela dio. ´Kasu honetan horrela izan da eta mahaiak teknikoen balorazioa berretsi du` azpimarratu du kontratazio-mahaiak. Akordio hori Kirol Patronatuko zuzendaritza-batzordera eraman dela ere azaldu du, eta azken horretan akordioa talde guztien adostasunarekin onartu dela ere bai. Bukatzeko azaldu du, puntu gehien lortu zuen enpresari kontratua eman zitzaiola eta ez dela erreklamaziorik aurkeztu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!