zarauzko XI Artisau Azoka ireki zen atzo eta aurten Hernanin, Izpizua kalean, dagoen Kulunka tailerra izan da gonbidatu berezia. Kulunka tailerrak altzariak berritu, tapizatu eta marketeria lanak egiten ditu, besteak beste.
Zarauzko azokan aurreneko urtea
Zarauzko azokan parte hartzen duten aurreneko urtea dela azaldu dio Kronikari Kulunkan lanean aritzen den Nerea Bergarak. Gonbidatu berezia izanda, azoka erdian dute postua eta bertan lanean ariko dira, jendeak ikusi dezan altzariak eta gainerakoak nola txukundu, apaindu eta berritzen dituzten. Postuan zer jarri duten galdetuta, Nerea Bergarak azaldu du, restauratutako besaulki bat jarri dutela eta beste besaulki zahar bat ere bai, bestearen berdina dena. ´Horrela ikusi daiteke zein lan egin dugun eta zein den diferentzia`. Horrez gain, marketeriako lan tresnak ere izango dira Kulunka tailerreko postuan. Gonbidatu berezi izateak ere badu meritua eta hori dela eta poza eta ilusio haundia sentitu dutela azaldu du Nerea Bergarak: ´badirudi guk egindako lana gustatu egin zaiela eta deitu egin digute parte hartzeko. Poz haundia hartu dugu`.
Zazpi urte restauratzen
Nerea Bergararekin batean Itziar Salaberria aritzen da restaurazio lanetan. 7 urte daramazkite lan horretan eta duela 2 urte ireki zuten Kulunka tailerra. Donostiako eskola batean egin zuten 2 urteko kurtsoa eta praktikak eginez hasi ziren lanean. Hortik aurrera, pixkanaka-pixkanaka, gero eta lan gehiago egiten hasi ziren. Egurrezko igogailu bat ere berritu omen zuten garai hartan. Dendan ere ez zaie lanik falta eta momentuan jangela bateko aulki guztiak berritzen ari dira.
Hogeita sei postu eta aukera zabala
Kulunka tailerreko postuaz gain, aukera zabala aurkituko du Zarauzko artisau azokara hurbiltzen denak: kandelak, egur taila, alpargatak, jostailuak, abanikoak, aterkiak, maketak, makilak, kamisetak, zeramika, kristalak, seda, janaria, eta abar. Euskal Herria eta estatuko bazter ezberdinetako artisauak ezagutzeko aukera ere izango da. Artisau azoka abuztuaren 9ra arte izango da irekita, Zarauzko Munoa plazan dagoen karpan. Honakoa da ordutegia: eguerdiko 12:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 21:30etara.