Tilosetako eta Plazako proiektuei buruz hitz egin zuten atzo gobernu batzarrean. Proiektu horrek herriko bi plaza esanguratsuenetan aldaketak proposatzen ditu eta erakusketa publikoan egon da herritarrek alegazioak aurkeztu ditzaten. Atzoko gobernu batzarrean alegazio horiei erantzun zitzaien.
Tilosetako zuhaitzak
Aurkeztu diren alegazioetatik asko Tilosetako aldaketen ingurukoak izan dira. Tiloseta erdian, proiektuak proposatzen zuen, plaza bat jartzea, kioskoa bota eta frontoi aldera beste eszenatoki bat eraikitzea, eta Urumea eta udaletxe atzeko sarrerak moldatzea. Obrak egiteko ezki batzuk moztu beharra azaltzen zuen proiektuak eta honek alegazioak jaso ditu. Gobernu Taldeak berak ezkiak bota eta kioskoa aldatzeari alegazioa aurkeztu zion, besteak beste. Jose Antonio Cuesta, obra publikoetako zinegotziak, azaldutakoaren arabera, Urumea ikastola eta Udaletxe atzeko sarrerak ez dira asko aldatuko. Aipatu duenez, Kitto taberna dagoen horretatik eta Plazatik badaude ezinduek erabili ditzaketen bi sarrera. Tiloseta atzeko bi sarrera horiek moldatzearen ondorioz bota behar ziren ezki asko, eta orain egindako proposamenarekin, ´ezkiak, gutxi gora behera, dauden bezala` mantenduko direla aipatu du zinegotziak.
Kioskoa haunditu, lekua mantenduta
Obra Publikoetako zinegotziak adierazi duenez, ez da Tilosetako kioskoa bota eta lekuz aldatuko. Tilosetako kioskoa dagoen lekuan utziko da, baina haunditu egingo dute. Udal Musika Bandak behin baino gehiagotan azaldu oraingo kioskoa txikiegia dela kontzertuak eman ahal izateko. Beste alegazio bat ere aipatu du zinegotziak: frontoia estaltzeko eskaria. Horren aurrean herritarren gehiengoaren interesak aztertu beharko direla adierazi du. Plazako zuhaitzak Plazari dagokionean, hasierako proiektuak azaltzen zuen zuhaitzak bota egingo zirela. Cuestak azaldu du bolera zegoen horren parean dauden plantanoak ez direla botako. Hala ere, etxebizitzen parean dauden zuhaitzak etxeetatik zein distantziara dauden aztertu beharra dagoela azaldu du zinegotziak. Legeak markatzen duen distantziara ez badaude, moztu egingo dituzte. Puntu horiei erantzunda, alegazioen %98 erantzungo dela dio zinegotziak. Horrez gain, Plaza erabat peatonala jarriko dute eta lurra aldatuko dute, zorua berdinduta.
Obrak datorren urtean hasi litezke
Plaza eta Tilosetan obrak egiteko proiektuak milioi bat euro pasako aurrekontua zuen hasiera batean. Aldaketak egin ondoren kopuru hori aldatu liteke. Aurten proiektua berridatzi egingo dute eta obrak 2007an hasi litezke.