Erroizenea Kanadan, munduko Handball txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2006ko abu. 3a, 03:00

GARIKOITZ erroizenea pelotari hernaniarra Edmontonera (Kanada) joana da munduko handball txapelketan parte hartzeko. Bihar, abuztuaren 4an hasi eta 13rarte iraungo du munduko txapelketak. Euskal Selekzioa ordezkatuz Etxebarria, Erauzkin I, Erauzkin II, Amantegi eta Goenaga izango ditu kide. Azken hau 19 urtez azpikoen mailan arituko da. Kanadan nazio ugaritako 800 bat pelotarik hartuko dute parte eta horien artean estatubatuarrak, japoniarrak, mexikarrak, irlandarrak, kanadiarrak etab. izango dira. Euskaldunen helburua 2003an Dublingo txapelketan lortutako emaitza onak berdintzea da. Orduan, Etxebarriak urrezko domina eskuratu zuen eta Gonzalez eta Martinek binakakoan ere bai beste pare bat.

Mendizabalek hamaikagarrena
Oier Mendizabalek udarako hamaikagarren garaipena lortu zuen herenegun Azpeitian jokatutako partiduan. Retegi Birekin 22 eta 20 gailendu zitzaion Arretxe II eta Argoteri. Atzetik hasi zuten partidua, baino Retegi Biren lan onari esker aurrera atera zuten partidu borrokatua izan zena. Oier Mendizabalek oso justu bukatu omen zuen partidua. Hala ere, pelotari hernaniarrak, ez du eragozpenik izango gaur Oiartzungo Madalensoron jokatzeko, arratsaldeko 19:30etan. Esainekin arituko da, Koka eta Argoteren kontra. Oiagak ere partidua dauka gaur Arrubalen (Errioxa) arratsaldeko 18:00etan Gabarri IIrekin, Arroyo III-Aldazabal IV bikotearen aurka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!