BH: «Ez dugu erraustegirik nahi ez Landarbason, ez inon»

Kronika - Erredakzioa 2006ko abu. 2a, 03:00

BILDU Hernanik erraustegiaren inguruko bere iritzia azaldu du prentsara bidalitako ohar batean. BHk garbi utzi nahi izan du ez duela nahi erraustegirik, ´ez Landarbason ez inon`. Honen inguruan plataformak dio erraustegiak ez direla konponbidea, ´arazoa baizik`, eta mezu bat bidali nahi izan die herritarrei: ´eztabaida ez da erraustegia non kokatu behar den, ea Landarbaso baino aukera hobeagorik badagoen, baizik eta Gipuzkoan ez dela erraustegirik jarri behar`.

Errausketaren kontrako arrazoiak
Bildu Hernanik errausketaren kontra egoteko arrazoiak azaldu ditu: ´erraustegiek hondakin eta haize isurketa toxikoak eta arriskutsuak sortzen dituzte eta hauek zabortegietan pilatzen dira. Erraustegiek aberia arriskua izaten dute, energia xahutzaileak dira eta ekonomikoki oso aukera garestia da` azaldu du plataformak. ´Alternatibak badaude` Hondakinak tratatzeko alternatibak badaudela dio BHk eta eman beharreko urratsak azaldu ditu: ´lehendabizi, hondakinen sorrera murriztea; bigarren, ahal dena berrerabiltzea; hirugarren, berrerabili ezin dena birziklatzea; eta, laugarren, berrerabili edo birziklatu ezin den guztia energia bihurtzen saiatzea`. Bide horretan biometanizazioa eta konpostajearen aldeko apustua egin beharko litzatekeela aipatu du BHk, eta dio munduan badaudela bide hau landu duten herrialdeak: ´Kanada, Bartzelona,... Euskal Herrian bertan, Araban biometanizazioaren aldeko hautua egin dute`. Honekin batera dio gezurra dela erraustearen kontrako alternatibarik ez daudela esatea: ´alternatibak egon badira. Teknologia berriek gero eta aukera gehiago eskaintzen ari dira. Bartzelonan, Kanadan eta beste lekutan aurkitu dituzte alternatibak eta indarrean daude. Alternatiba horiek erraustea baino merkeagoak dira, garbiagoak eta arriskurik ez dute`.

Mobilizatu eta konpromisoak hartu
Bildu Hernanik mobilizaziorako deia egin die herritarrei: ´beste hainbatetan bezala erraustegia gerarazteko bide eraginkorrena herri mobilizazioak eta herritarren konpromisoa izango dira, beraz denok dugu zer egiterik borroka honetan`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!