JOAN den uztailaren hasieran aurkeztu zuen Heteropterus, Gipuzkoako Etmologia Elkarteak, Aiako Harria Parke Naturalean egindako ikerketa. Ikerketa horrek eman ditu bere fruituak eta tartean aurkikuntza haundiak izan dira. Batetik, Errenderiko Aitzbitarteko kobazuloetan, bertan bakarrik aurkitu daitekeen Ceuthosphodrus navaricus vasconius izeneko kakalardoa aurkitu dute. Bestetik, zientzia munduan ezezaguna zen kakalardo bat ere aurkitu dute, Oiartzungo baso batean: Mayetia amicorum izenez bataiatu dutena. Ikerketa hau Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hernani, Donostia, Errenteria, Irun eta Oiartzungo Udalek bultzatu dute, Gipuzkoako biodibertsitatea ezagutzeko programaren barruan.
Ingurune Berezia
Hernaniko Kronikak Imanol Zabalegi, Hernanin bizi den Heteropterus elkarteko lehendakariarekin hitz egin du. Berarekin batean, beste 9 lagun izan dira Aiako Harria Parke Naturalean intsektuei buruzko ikerketa egiten. Azaldutakoaren arabera, Aiako Harria Parke Naturalean intsektu bereziak aurkitu dira eta hori parkearen kokapen geografiko bereziari eta bertako baldintza bereziei zor zaio: ´parkea txikia da eta nahiko alteratua dago, baina baditu guneak oso ondo kontserbatuta daudenak. Europan zehar zabaltzen doazen intsektuek eremu hau dute Penintsulara sarbidetzat. Gainera Oiartzun eta inguru hori da Penintsulan euri gehiena egiten duen eremua. Pirineoak ere hor daude barrera lana egiten. Baldintza hauek direla-eta penintsulan beste inon aurkitzen ez diren intsektuak aurkitu daitezke Aiako Harria Parkea Naturalean`. Hori dela eta ez da harritzekoa aurkitu dituzten 500 intsektuetatik 22, Euskal Herrian orain arte aurkitu ez izana. Eta 22 intsektu horietatik 5 Iberiar Penintsulan lehenago aurkitu ez izana. Europako araudiak komunitaterako interesgarriak diren espezieen artean sartu ditu parkean aurkitutako hiru espezie (Cerambyx cerdo, Lucanus cervus eta Rosalia alpina).
Ikerketaren jarraipena
Imanol Zabalegik azaldutakoaren arabera, ikerketa honek jarraipena izango du, Diputazioak eta inplikatutako beste Udalek hala eskatuta. Izan ere, oraindik badaude ezezagunak diren intsektu ugari. Azpimarratu du lurreko hiru bizidunen hirutatik bi intsektuak direla eta horrek erakusten duela zein garrantzia duten intsektuek naturan. Hala ere, mundu hau oso ezezaguna dela ere aipatu du eta penintsulan mota honetako ikerketa oso gutxi daudela ere bai.
Heteropterus elkarteak egiten dituen lanak
Heteropterus elkartea 1999garren urtean sortu zen, nahiz eta bertan aritzen diren ikerlariek urte gehiago eman intsektuak ikertzen. Oiartzunen dute egoitza eta helburua du intsektuen munduari buruzko ezagutza zabaltzea eta gure inguruko intsektuak ikertzea. Bi aldizkari argitarazten dituzte: bata, dibulgatiboa eta bestea, zientifikoa. Aiako Harrikoaz gain, beste ikerketa batzuk ere egin dituzte.