Atzo aurkeztu zen, Donostiako Casino Kursaalean, izen bera daraman erremonte torneoa. Aurten 21garren edizioa jokatuko da eta 8 erremontistak hartuko dute parte. Partidu guztiak Galarretan izango dira, abuztuaren 3an hasi eta irailaren 2rarte, final haundiaren egunerarte. Koteto Ezkurra da faborito nagusia eta bere hamargarren txapela lortzera aterako da. Doneztebearrak 11 ediziotan hartu du parte, eta 9 txapel eskuratu. Gainontzeko bietan azpitxapeldun atera da.
Aurten bada berritasunik
Aurten erremontista kopurua jaitsi da, kalitatea haunditzeko asmoz. Hauek dira parte hartuko duten zortzi erremontistak: Ion, Juaristi, Urrutia, Altuna II, Bitoria, Zeberio II, Lizaso eta Ezkurra. Eizagirre ere ateratzekoa zen, baina joan den larunbatean izandako lesio batengatik ezingo du jokatu. Txorkatilako ligamentu bat hautsi zuen eta gaur bertan ziren ebakuntza egitekoak. Bere ordez, San Fermin torneoan fin aritu diren Ion eta Juaristi gazteak sartu dira, eta beraien artean aurre kanporaketa bat jokatuko dute. Torneoko partiduak ostegun eta larunbatetan jokatuko dira, arratsaldeko 5etan. Gaur jokatuko da aurrenekoa, Ion eta Juaristiren artean. Larunbatean, Urrutia eta Altuna IIak neurtuko dituzte indarrak. Horrez gain, Galarretan 24 jaialdi daude programatuta abuzturako. Egunero egongo dira partiduak, asteazken eta ostiraletan izan ezik. Aste Nagusiko bi egun horietan ere jokatuko dira partiduak.
Koteto, ondo prestatuta
Koteto Ezkurra lasai ageri zen atzoko agerraldian. Faborito etiketa jarri diote, ´norbaiti jarri behar zaiolako`, bere esanetan, baina adituak bat egiten dute indartsuena bezala bera izendatuta. Bere hitzetan, ´ondo prestatuta ´ dator torneora, ´dexente ondo fisiko eta joko aldetik`. Ez du entrenamendu espezifikorik egin, baina uztailean partidu asko jokatu dituenez, ´fresko` dago eta torneo hau, ´urteko garrantzitsuena`, irabazteko gogoz. Hala ere, ez omen du lan erraza edukiko, ´kristoren maila` dago eta. Ion eta Juaristi gazteak sartzeaz, pozik agertu da, ´gazteei aukera ematen zaielako`. Bere ustetan, ´jokalari berriak sartzea` ondo dago, bestela jendea `nekatu` egingo delako beti berberak ikusteaz. Bera eta Lizaso final aurrekoetan hasiko dira jokatzen, iazko finalistak direlako.