SAN INAZIO eguna da gaur, eta urtero bezala Santa Barbaran egun guztiko festa izango da. Hernaniarrak hara igotzera animatzeko, goizeko 10:00etan diana joko dute herriko kaleetan, eta hortik aurrera goian jarraituko du festak. Morkaiko kultur taldeak urteroko egitaraua prestatu du aurten ere. Solano eta Beasain trikitilariak ariko dira goizean goizetik. Indiori eta Atarrabiyori omenaldia egingo zaie. Santa Barbarako ermitan meza, eta 12:45etan bertsosaioa. Urtero aritzen dira herriko bertso eskolako kideak kantuan; aurten, Joxe Urdangarin, Arnaitz Lasarte, Gaztelumendi eta Antton Garin ariko dira. Bertso saioaren ondoren herri kirolak izango dira, eta bertan, Hernani eta inguruko kideek osatutako taldeak neurtuko dira. Gero bertso bazkaria, toka, haur jolasak...
Herri kirolak, urteroko festa
San Inazio egunean azkeneko urteetan Hernani eta inguruko jendea aritzen da herri kiroletan, eta horrek saltsa polita pizten du. Aurten, lau laguneko bi talde osatu dituzte eta aizkoran, txingekin, eta korrika neurtuko dituzte indarrak. Aizkoran Paolla eta Txintxua I ariko dira Larrabide eta Larraren kontra; txingekin eta korrika, Ezeiza eta Txintxua II, Barrenetxea eta Iradiren kontra.
Egitaraua
10:00 Diana herriko kaleetan.
10:30 Trikitilariak. Solano eta Beasain.
11:30 Indiori omenaldia.
11:45 Atarrabiyo eta Indiori omenaldia.
12:10 Meza.
12:45 Bertso saioa: Urdangarin, Lasarte, Gaztelumendi eta Garin.
13:00 Herri kirolak: aizkora, txingak eta lokotx biltzea.
14:30 Herri bazkaria.
16:30 Lagunarteko toka txapelketa, hirunakako taldeetan.
17:30 Haur jokoak eta txokolatada.
19:00 Herrira jaitsiera.