«Vietnametik Kanbodiara jo nuen, eta handik Laos eta Birmaniara. Denetan Budismoaren ezaugarri bereziak somatu nituen»

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 30a, 03:00

Joan den urteko azaroaren 2an, Hernaniko Kale Nagusiko etxetik irten nintzen, norako ezezagun eta ezjakin batekin: Ekialde Hurruna. Aurreko bidaietan ez bezala, nire bidaiaren helburua ulertzen zailtasunak nituen. Bihozkada irrazional eta esanezin batek bultzatzen ninduen bide hori hartzera. Zirrara batek gorputza zeharkatu eta tarteka astindu egiten ninduen. Bildur pixka bat banuen.

Astrologoa den lagun batek esan zidan behin, gizaki bakoitza Planetaren leku jakin batzuetara erakarria dela, jaiotzen den momentutik. Agian magnetismo horrek erakarrita Vietnamera eramango ninduen abioia hartu nuen, 8 hilabete iraungo zuen bidaiari hasiera emanez. Lehen asteetan konturatu nintzen beste unibertso batean nengoela, denbora eta espazioa malguagoak ziren eta. Hanoi-en, Vietnameko hiriburuan, nire baitan inpaktu haundia utziko zuen eszena bizi nuen: goizeko ordu txikietan, eguzkiaren izpiak ortzimugatik irtetzen ari zirenean, milaka pertsona hiriko parkeetara hurbildu eta isiltasunez, erritual baten moduan, ariketa fisikoak egiten zituzten. Airea arina zen, eta arintasun hori nolabait gorputzaren poroetatik barrena sartu zitzaidan. Asiako Hego-Ekialdean maiz sentituko nuen sentsazioa izan zen hura. Vietnametik Kanbodiara jo nuen, eta handik Laos eta Birmaniara. Denetan Budismoaren ezaugarri bereziak somatu nituen. Adibidez, herrialde guzti hauetan, besteenganako eskuzabaltasuna bertute bat da. Budistek sinisten dute, bizitza hobeago batera jaiotzeko, bizitza honetan meritu asko egin behar direla. Eta meriturik haundiena besteei eskaintzea da: janaria, arropa, ura, erregaloak, balioa duen edozer. Horregatik, Laos-en, ondasun askoren jabe izatea gizarteak ez du ondo ikusten. Eskaintzeko jarrera hau da Monastegi eta monjeen existentzia esplikatzen duena, batez ere Laos eta Birmanian. Asiako beste herrialde batzuetan ez bezala, bi herrialde horietan monjeen bizitza kontenplaziozkoa da. Hau da, bertako monjeak meditazioan eta barauan igarotzen dute eguna, eta jendearen opariei esker betetzen dituzte beren beharrak: janaria, arropak, dirua monastegiaren mantenimenduarentzako, etabar. Egunero, goizeko zazpiak inguruan, Birmaniako monjeak hilara haundietan kaleak zeharkatzen dituzte, erremusina jasoz. Jasotzerakoan ez dute eskerrik ematen, ez eskertxarrekoak direlako, baizik eta emate aktu honetan emailea jadanik meritua irabazten ari delako. Erremusina jasotzean monjeek erakusten duten tinkotasuna eta dignitatea Asiako Hego-Ekialdea ulertzeko gakoetako bat da, beraiek baitira gizarte piramidearen tontorrean daudenak, ondasun materialen jabe ez diren arren. Asiako Hego-Ekialdean, Mendebaldetik neramatzan hainbat eskema apurtu zitzaizkidan. Horietako bat lanaren ingurukoa. Laos-era iritsi nintzenean somatu nuen jendea nahiko lasai zebilela. Sasoi-lehorra zen, eta herrixketan familiak bildurik zeuden beren etxeetan, solasean, eta umeak jolasean. Egunak pasatu ahala, jende hura trankila iruditu zitzaidan, baina zertxobait alperra ere. Nola aterako ziren begibistakoa zen pobreziaz, lanik ez bazuten egiten? Laister konturatu nintzen Laos-en bi sasoi bereziak daudela: euri-sasoia eta sasoi-lehorra, sei hilabetekoa bakoitza. Eurite garaian jendeak eta animaliak atsedenik gabe egiten dute lan arroz zelaietan, uretan belaunetaraino sartuak. Lehor-sasoian, ordea, jendeak atseden hartzen du, familian eta lagunartean pasatzen ditu egunak. Hasiera batean laosiarren alperkeriaz neukan aurreiritzia, mirespen batean bihurtzen joan zen. Laos utzi nuenean, laosiarren jakituriaz jabetua nintzen erabat, lana eta aisialdiaren arteko oreka aurkitu dutelako. Laosiarren atsedenaldiak beren bizitzako gauza importanteak gozatzeko erabiltzen dakite, eta bide batez, lurrari, animaliei eta naturari atseden ematen diote ere, hurrengo sasoirako berritu daitezen, bizitzaren zikloa jarrai dezan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!