Olatz Altuna eta Mañel Aizpurua dira goreneko mailan ditugun Hernaniko bi igerilariak eta denboraldi bukaeran izan gara berekin, balorazioa egin eta aurrera begirako asmoen berri jakiteko. Denboraldi gazi gozoa izan dutela esan liteke, ondo ibili baitira bi igerilariak, baina Bardulia taldeak eta Espainiako Federazioak izandako arazoak medio, ezin izan dute Espainiako txapelketako finaletan parte hartu. Olatz Altunak 23 urte ditu eta banaka kontatzen ditu geratzen zaizkion denboraldiak, ´hurrengoan behintzat bai` nabarmendu digu. Mañel Aizpuruak luzeragoko ikusten du bere ibilbidea, 18 urterekin eta ´aspertu artean` jarraitzeko prest da.
Hernanin eta Bardulian
Bi igerilariek Hernaniko taldean eta Bardulia sortu berrian egin dute aurtengo denboraldia. Hernaniko taldean Gipuzkoa eta Euskal Herri mailako txapelketetan hartu dute parte eta Barduliarekin estatu mailakoetan (Bardulia taldeak Gipuzkoako igerilari onentsuenak hartu ditu Espainiko txapelketetan parte hartzeko). Udarako probak iritsi diren arte oso gustora ibili dira biak eta aipatzeko modukoa da Bardulia taldearekin neskak lehen mailara igo direla eta mutilek denboraldi ona egin dutela. Oraintsu izan diren probetan, ordea, Espainiako federazioak arazoak jarri dizkie Barduliako kideei Espainiako txapelketetan parte hartzeko, ´bi klubetan dabiltzan igerilariak direlako`. Horren berri, ordea, Almerian bertan eman zieten, proba baino egun bat lehenago. Barduliako kideek parte hartzeko erabakia hartu zuten, nahiz eta beren denborek balio ez.
Olatz finalerako denboretan
Arazoak arazo, parte hartu zuten klasifikazio saioetan Barduliako kideek, eta Olatz Altuna maila goreneko finalerako sailkatu zen 50 metro libreetan, 5garren postuan. ´inoiz ez nuen lortu Espainia mailako A final batean sartzea, hori izugarria da niretzat`. Espainiako Federazioko kideek, ordea, ez zioten finalean parte hartzen utzi eta ametsa erdizka beteta gelditu behar izan du igerilari hernaniarrak.
´Denboraldi onena`
Olatz Altunarentzat orain arteko denboraldirik onena izan da bukatu berri dena, oso ona. Espainiako kopan maila oso altua eman du eta udarako espainiako txapelketetan zer esanik ez, finalean parte hartzen utzi ez badiote ere. Datorren denboraldian jarraitzeko asmoa duela esan dio Kronikari, Espainiako txapelketako A finalean izateko ametsa bete nahi baitu. Aurtengo maila ematen badu ziur lortuko du, baina, horretarako badaki berriz ere gogor entrenatu beharko duela.
Mañel ere ondo
Mañel Aizpuruak ere balorazio ona egiten du bere denboraldiaz, Espainiako txapelketako saltsak motibazioa galdu arazi diola aitortu arren. Aurrera, bere markak jaisten jarraitu nahi du, nahiko balu, oraindik ibilbide luzea baitu hernaniar gazteak.
Talde baten aukera
Datorren denboraldian Barduliarekin zer gertatuko den ez dakite oraindik igerilariek, baina seguru asko erabaki egin beharko dute Hernanirekin edo Barduliarekin parte hartu. Hernaniko taldeari ez diote etorkizun oso oparoa ikusten gainera: ´taldea geroz eta okerrago dago eta aurten jende askok utziko du. Talde barruan mogimendu asko ez dago eta Udalak ere ez ditu medio asko jartzen taldea indartu ahal izateko`, nabarmendu dute. Pena pixka bat ematen die horrek, azken urteetan Hernaniko taldea ondo ibili baita.
Irailean, entrenatzera
Orain, ondo merezitako deskantsua hartu dute biek, nahiz eta Mañelek gaur Getaria-Zarautz proba egiteko asmoa izan. Denboraldia irailean hasiko dute berriz, ´gogor entrenatzen`. Izan ere, igerian goian ibiltzeko asko entrenatu beharra dago: Olatzek astean 6 egunetan ditu entrenamentuak, 3 bat ordukoa bakoitza; Mañel astean 5 egunetan joaten da igerilekura, ordu eta erdi inguru. Beren hitzetan, gogorrena irailetik urrira artekoa izaten da, lehiaketan hasi aurrekoa: ´denboraldi horretan gure marka onenetatik oso urruti ibiltzen gara`, diote irriparrez. Hala ere, dauden mailatik askoz gorago joatea ia ezinezkoa dela argi dute bi igerilariek, erabat horretarako bizi beharko bailukete. ´Bartzelona eta Madrilen ordaindu egiten diete goi mailako igerilariei; hemen marginatuak gaude eta ez da baloratzen egiten dugun esfortzu guztia. Zerbait egiteko kanpora joan beharra dago, eta ordu asko sartu`.