‘Ilargi’ko arrantzaleak, itsasoari begira

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 29a, 03:00

Arrantzale ia profesionalen artean Hernaniko lagun talde bat aurkitu dezakegu, itsasoan zer harrapatuko. Gipuzkoako elkarte arteko erregularitate ligan hartzen dute parte eta ilusioz gainezka joaten dira proba guztietara. Aurten arrain gutxi dagoela eta kexu dira, baina horregatik ez dute itxaropena galtzen. Ilargi tabernan hasi ziren ostatu eta hamaiketakoa hartzen, eta harreman horretatik sortutakoa da: Ilargi Arrantza Taldea.

BIGARREN urtea daramaki arrantza talde honek izen horrekin. Lehendik Txantxangorri taldeko partaideak izan ziren, baina beren bidea jarraitzea erabaki zuten. Nahiz eta ofizialki ez dauden erregistratuta, Ilargi Arrantza taldea bezala hartzen dute parte probetan. ´Honekin, taberna horretako arduradunari, Josebari, bere laguntza eskertu nahi diogu`. Taldea 7 lagunek osatzen dute, 6 seniorrek, eta jubenil batek. Ez dute beren burua lehia baten barruan ikusten; beren izpiritua oso bestelakoa da. Ligaren aitzakiarekin, ´egun pasa dotoreak` egiten dituzte afizio bereko lagunen artean. Liga barruan egonda, ´gustoko jarduerak egitera` behartzen dute beren burua, errutinatik ihes egiteko, batez ere. Aurten ez dabiltza oso fin eta oraindik ez dute arrainik harrapatu.

Gipuzkoako elkarte arteko erregularitate liga
Gipuzkoako erregularitate ligan 15 bat talde aritzen dira. Talde bakoitzak 20 partaide izan ditzake gehienez. Proba bakoitzean 150-200 parte hartzaile elkartzen dira. Gizonezko eta emakumeentzako sailkapen ezberdinak dituzte, nahiz eta batera hartzen duten parte. Talde gehienak kostaldeko herrietakoak dira; gehienak Donostikoak, eta bertan jokatzen dira ligako proben erdiak. Pasaian, Hondarriabin, Zumaian, edo Deban ere badaude taldeak eta barnealdean ere gutxi batzuk bai, Goierri edo Hernanikoak kasu. Txapelketa honez gain, Gipuzkoa, Euskadi edo Espainiakoak ere egiten dira, baina horietan ez dira ateratzen, ´guk ez dugu horren serio hartzen`. Donostiako Mons taldea, adibidez, munduko txapelduna izana da, eta beren barne klasifikazioa dute mailaz igo eta jaisteko, ´arrantzarako bizi dira`, diote. Beraiek, Monsekoak ez bezala, ez daude bereziki prestatuta, ekipo eta amu arruntak erabiltzen dituzte, ´edozein dendatan erositakoak`. Ligan aritzen diren talde gehienak elkarteetakoak direla diote, ´ez dugu ezagutzen independiente bezala aurkezten den besterik`. Txapelketa Gipuzkoako federazioak ikuskatzen du eta talde bakoitzak bere proba antolatzen du. Barnealdeko herri bateko taldea izanez gero, hurbilen duen kostako herrian antolatzen du proba. Esaterako, Goierriko taldeak Zumaian egiten du proba. Hala ere, ez da beharrezkoa proba bat antolatzea. Ilargikoak, adibidez, ez dute antolatzen. Txapelketa apiriletik azarorarte izaten da, 12 probarekin.

Aukeran arrain gutxi
Erregulartasun txapelketan itsasoko arrantza praktikatzen dute, bai kortxoarekin eta bai berunarekin. Hartutako arrainez galdetutakoan, ´azkenaldian bat ere ez` diote, baina muxarrak, lupiak, doradak, aingirak edo akerrak aipatzen dituzte. Lehorretik egiten dute arrantza, beti. Puntuatzen duen gutxieneko arrainak 150 gramokoa behar du, eta hortik aurrera, gramo bakoitzak puntu bat ematen du. ´Badago gramoko puntu erdia ematen duenik ere`. Korrokoiak ez du punturik ematen, ´bestela oso erraza litzateke`. Aurten kostatzen ari zaie arraiak ateratzea. Diotenez, talde gehienak dabiltza berdintsu: Deban jokatu zen proban parte hartzaile guztien artean bost arrain besterik ez omen zituzten harrapatu. Hasieran uste zuten ´beraiek zirela txarrak`, baina dirudienez, arrain eskasia dago. ´Beste urte batzuetan gozatu batzuk hartzen genituen, beti hartzen genuen zerbait`, baina aurten kontua oso bestelakoa da. Hurrengo proba Donostian izango dute, Eiztari Etxeak antolatuta. Abuztuaren 5ean jokatuko da, gauez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!