«Txakurra hemen utzi eta lasai joan daiteke jabea oporretara»

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 29a, 03:00

Oporrak iristean etxeko animaliekin zer egin jakin gabe geratzen da asko eta asko. Txakur erresidentziek aukera ematen dute animaliak bertan uzteko eta Hernani inguruetan bada horrelakorik. Kronikak Oriamendira jo du, Hernaniko mugarria ondo-ondoan duen Basozabal erresidentziara. Han hartu gaituzte Aitor Leñena albaitariak, txakurrek, katuek eta baita loro koxkor batek ere.

Zer da animalientzako erresidentzia bat?
Ze lan egiten duzue hemen? Animaliak ahalik eta ondoen eta goxoen egotea da gure funtzioa. Jabeak, edozein arrazoirengatik, bere txakurra edo katua zaindu ezin duenean hona ekarri dezake.

Eta nola okurritu zitzaizuen horrelako zerbait jartzea? Noiztik zaudete hemen? Anaia eta biak hasi ginen, duela hamabi urte inguru. Ni albaitaria naiz eta ikusi genuen aukera bazegoela horrelako zerbait montatzeko. Lehenago errazago abandonatzen ziren animaliak, baina gaur egun jendea kontzientziaturik dago eta askotan animaliarekin zer egin jakin gabe geratzen da. Hor ikusi genuen guk zerbait eskaini genezakeela. Animaliak uzteko tokiak beti izan dira, baserrietan-edo, baina guk zerbait profesionalagoa eskaini nahi genuen eta horrela hasi ginen. Profesionala beraz.

Zein zerbitzu eskaintzen dituzue bada?
Guk aukera ematen diogu jabeari txakurra nahi duenean ekartzeko, egun osoan egoten gara hemen, eta egun bakarrerako ekarri nahi izan ezkero, ez dago problemarik. Txakurrak alde batean izaten ditugu eta katuak bestean, bakoitza bere kaiolan. Txakurrekin tratua haundiagoa da, katuekin aldiz, beraiek utzi ezkero ikuitzen ditugu, bestela bakean uztea hobe izaten da. Baina txakurrak kanpoan ere ibiliko dira... Txakurren kaiolak zazpi metro karratu ditu, leku haundia da eta pabilioia aislante batekin jarrita dugu, euria eta beroa hobeto jasan ditzaten. Hala ere, noski paseatzera ateratzen ditugula, egunean bitan. Korrea handi batzuekin ateratzen ditugu binaka eta saiatzen gara ahal izan ezkero arra eta emea nahasten, bi ar elkartu ezkero borrokan hasi baitaitezke. Konfidantza dugun txakurrekin berriz, lasaiago ibiltzen gara, eta horiek korrearik gabe ibiltzen ditugu inguruko zelaietan. Txakur batetik bestera alde haundia izaten da... hori janarian ere nabarituko da ezta? Txakur kumeek alimentazio berezia izaten dute, baina gainerakoei janari berdintsua ematen diegu. Hala ere, jabeak bere txakurrarentzat janari bereziren bat ekartzen badu, tratamenduan edo dietan dagoelako, orduan hori ematen diogu. Lehenago aipatu duzu jabeek txakurra hona ekartzeko motibo ezberdinak izaten dituztela.

Zein dira motibo horiek?
Denetatik izaten da. Badira ezkontzagatik txakurra hona ekartzen dutenak, edo etxea obratan dutelako, edo txakurra zeloan edo gaixo dagoelako ere bai. Bidaiaren bat denbora luzez egin behar dutenek ere ekartzen dute txakurra hona; modu horretan lasai joaten dira oporretara. Pentsatzen dut pena izango dutela, txakurra hemen utzita... Penaz joaten dira, baina badakite txakurra hemen ondo egongo dela, profesionalen eskuetan uzten baitute. Ikusgarriena bueltakoan izaten da; hainbat egunetan jabea kanpoan izan eta gero bueltatzen denean txakurra zoratu egiten da pozez, saltoka eta muxuka!

Eta txakurra zer moduz moldatzen da lehenengo egun horietan erresidentzian?
Txakurra hamabost egunez utzi behar badute, jabeari eskatzen diogu lehenengo estantzia motxago baterako ekarri dezala. Horrela, erresidentziara ohitu egiten da eta geroko kolpea leunagoa izaten da. Hala ere, hasieran mesfidati egoten da, normala den bezala, baina gero ez da arazorik izaten eta paseoaren zain egoten da egun osoan. Gu adi ibiltzen gara eta txakurren batek depresioa edo horrelakoren bat izaten badu segituan konturatzen gara, orduan modu berezi batean zaintzen dugu, animatu dadin.

Hainbeste egunetan hemen izan eta gero, kariñoa hartzen al diozue animaliari?
Bai noski. Baina niretzat satisfazio haundiena da ikustea txakurra ondo dagoela eta kalean ikustean zuregana etortzen dela... ondo eginiko lanaren satisfazioa da hori. Txakurra ezagutu egin behar da, jakin behar da zer nahi duen edo zergatik dagoen urduri; horretarako norberak bere partetik asko jarri behar du. Bestalde, arrisku puntu bat ere badago, azkenean txakur artean zabiltza eta jolasten ari dela-edo, koxkada jasotzeko arriskua hor dago. Esan duzun bezala, animali artean egiten duzu lan. Gauza bitxirik pasako zitzaizun hamabi urte horietan... Bai, anekdotak pila bat daude, baita sustoak ere! Adibidez, hasi berritan txakur batek ihes egin zigun eta egun osoan aritu ginen bere bila, gau aldera agertu zen arte. Susto galanta eman zigun txakur hark eta ordu ezkeroztik gure lur saila hesi eta itxiturekin jarri dugu, badaezpada ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!