Itsas haizeak ekarritako turistak

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 29a, 03:00

TURISTA gehienak Donostiak erakarrita etortzen dira paraje hauetara, izan ere, Jazzaldia bezalako ekitaldiek badute oihartzunik muga hauetatik kanpo. Donostian ostatu hartu eta Chillida-Leku museoa edo kaxkoko kale eta eraikinak ikusteko asmoz hurbiltzen dira turistak. Beraz, gehienez ere egun pasa egitera etorri ohi dira Hernanira. Hala ere, bertan badago lo egiteko lekurik, pentsio, hotel eta nekazal etxeetan. Nekazal etxeei dagokionez Hernanin badira hiruzpalau, Urumea bailaran, Osiñagan eta Martindegin. Izan ere, bertan ostatu hartzeak aukera asko ematen ditu oporraldirako: Donostia eta kostaldetik gertu egotea, Urumeako berdetasuna eta bertako putzuetan bainatzeko aukera, lasaitasuna eta abar. Gainera, duela urte batzuk Hernaniko Udaletxeak turismoari buruzko txosten bat enkargatu zuen eta bertan azaltzen denez, Santa Barbara gotorlekua eta sagardoaren kultura turismoa erakartzeko balio haundiko faktoreak dira.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!