«Zaborra birziklatzeko klabea material organikoa ondo bereiztea da»

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 30a, 03:00

Zaborra tratatzeko alternatibak azaldu zituen Mikel Izagirre, Arnasa plataformako kideak. Herritar eta instituzioak elkar hartuta joan behar dutela esan zuen.

Urumea Bailara Bizirik Plataformak antolatuta, zaborra kudeatzeko alternatibei buruzko hitzaldia izan zen ostegunean, Ereñotzuko eskolan. Urumea Bailara Bizirik Plataforma erraustegia egitearen kontra azaldu da, eta hitzaldi honekin, zaborra kudeatzeko dauden aukera ezberdinen berri eman nahi izan zuen. Hizlari, Arnasa Plataformako, Mikel Izagirre izan zen eta berak azaldu zuen plataformak duen proposamena. Proposamenak zutabe ezberdinak ditu: herritarrek kontsumo arduratsua egitea; materiala berrerabiltzea; berrerabili ezin dena birziklatzea; birziklatu ezin dena garbigune batera eramatea; eta gainerakoa, usaia kendu eta konpakatatu ondoren, zabortegi-deposito batera eramatea. Horrez gain, azpimarratu zuen ´zaborraren arazoaren aurrean, herritarrek eta instituzioek elkar hartuta joan` behar dutela, ezin direla herritarrak ´alde batera utzi, erraustegiarekin gertatzen ari den bezala`.

Kontsumo arduratsua

Mikel Izagirrek azaldu zuen, zaborra gutxitzeko aurreneko urratsa, kontsumo arduratsua dela. Hau da, norberak ahal duen zabor gutxiena sortzeko kontsumitzea: plastiko gutxien duten produktuak erosi, berrerabili daitezkeen ontziak... Herritarrez gain, administrazioak ere inplikatu behar duela adierazi zuen. ´Alemanian, enpresak behartuta daude sortzen duten zaborraren kargu egitera. Horrela lortu dute ontzi-bolumena %40 jaistea`.

Berrerabili

Zaborra gutxitzeko beste urratsa materiala berrerabiltzea dela azaldu zuen. Kristalezko ontzi eta botilak berrerabiltzeko sistemak jarri beharko liratekeela azaldu zuen. Alemaniako beste adibide bat jarri zuen, bertan, zerbeza enpresa guztiek botila modelo bera erabiltzen dute. Horrela asko erraztu eta merketzen omen da kristalezko botilak jasotzeko lana.

Birziklatu

Arnasako kideak azpimarratu zuen zaborra birziklatzeko klabea hondakin organikoa (usteltzen diren gaiak) ondo bereiztea dela. Bi arrazoirengatik: materia organikoa daramakiten materialak ez direlako ondo birziklatzen; eta gure zabor poltsako %40 organikoa delako. Zabor organikoa ontzi berezietan bilduta, konposta egin liteke. Kosposta ongarri bezala erabili liteke baratze, baso, belaze eta jardinetarako. Gaur egun badaude konposta egiteko ontziak zenbait baserrietan eta jardina duten etxeetan. Izagirrek sistema hori gehiago zabaldu behar dela azaldu zuen. Hiriguneko etxeetan etxez etxeko bilketa eginda. Goierriko adibidea jarri zuen Arnasako kideak. Han giltzatutako kontainerrak jarri dituzte kalean materia organikoa biltzeko, eta emaitza onak ematen ari da proba.

Garbigune eta zabortegiak

Garbiguneak sortu beharko liratekeela azaldu zuen Arnasako kideak. Garbiguneetan bilduko lirateke oraindik birziklatzen ez diren gaiak: zapatak, pintura, fluoreszenteak, altzariak eta etxeetako obren kondarrak, esate baterako. Gai hauek oraindik ez dira birziklatzen, baina teknologiak aurrera egin ahala, posible izango dela azaldu zuen. Badira oraindik birziklatu ezin diren gaiak eta bere horretan inon utzi ezin direnak. Esaterako: betuna eta olio ondarrak dituzten plastikozko botilak. Oso zaila da duten olioa erabat kentzea. Gai hauek zabortegira eraman beharko lirateke, baina aurretik tratatuta: usaia kendu, lixibiatuak kendu eta konpaktatu. Gero, zabortegira eraman beharko litzateke. Baina zabortegi horiek gaur egungo zabortegiekin zer ikusirik ez luketela izango esan zuen Mikel Izagirrek, ez bailukete usairik sortuko.

Banderolak eta kamixetak saltzen, asteartean, etxez etxe

Urumea Bailara Bizirik taldeak erraustegiaren kontrako kamixetak eta banderolak salduko ditu, asteartean, Benta Berritik hasi eta Lastaolara bitarte, etxez etxe. Zita Ereñotzun egin dute, 15:00etan. Gero Benta Berritik abiatu eta Lastaolaraino. Banderolak eta kamixetak prezio bera dute: 10 euro.

Planta txikiez osatutako sistema

GIPUZKOA osorako erraustegi bakarraren  aurrean, Arnasak proposatzen du azpiegitura txikiekin osatutako sistema martxan jartzea. 200-300 m2 ko konposta egiteko plantak beharko lirateke. Esan zuenez, Hernanirako halako bat nahikoa eta sobera litzateke. Garbigunea ere konposta plantarekin batera egongo litzateke.
Horrez gain, Gipuzkoa osoan birziklatzeko zaborra sailkatzeko 3 bat planta jarri beharko liratekeela azaldu zuen Arnasako kideak, Urnietan dagoena bezalakoak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!