Menorcatik Txinara eta Gambiatik Boliviara: hernaniarrik ez da faltako

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 29a, 03:00

Udako sasoia iristearekin, opor-bidaietan murgildu dira hernaniarrak. Bidai agentzietan Kanarietara, Baleareetara eta Mediterraneora saldu da bidai gehien, baina leku exotikoagoek gero eta arrakasta haundiagoa izaten dute gure artean ere, Gambia edo Txina dira horietako batzuk.

Uda sasoiko ekuadorrera laster iritsiko garen honetan, gure herriko kaleak eta plazak ia hutsik aurkitzen dira jadanik; beroak tregua txiki bat ematen duen ilunabarretan soilik betetzen dira berriro tabernetako terrazak. Hernaniarrek hasi dituzte opor-bidaiak, eta bitartean ez da zaila herrian barrena turistaren bat edo beste ikustea, lepoa luzatuta, hara eta hona begira. Kataluniarrak izan ohi dira gehien bisitatzen gaituztenak, baina Madrildik edo Andaluziatik freskura bila etorritakoak ez dira urtero falta izaten.

Beherakada nabaritu da
Hernaniarrak oporretan nora joaten diren jakiteko baremo bat bidai agentziak dira, nahiz eta asko diren beren oporrak agentzia horietatik kanpo antolatzen dituzten herritarrak. Barceló bidai agentziak azaldu duenez, beherakada pixka bat nabaritu da aurten bidaiei dagokienean. Bertako arduradunen iritziz interes tipoak igo izanak zerikusi zuzena izan dezake, jendeak gutxiago aurreztu duelako. Hernani Bidaiak agentzian ez dute beherakadarik nabaritu, baina aitortu dute igoerarik ez dela izan.

Leku klasikoak nagusitu dira berriro
Herritarrek opor-leku klasikoak aukeratu dituzte gehiena berriz ere, atsedena eta eguzkiaren bila. Mediterraneoa eta irlak izan dira gogokoenak; azkeneko hauetan, Menorca eta Ibizak gorakada nabarmena izan dute. Horretaz gain Sardinia, Korsika edo Kroazia bezalako lekuetara ere gero eta jende gehiago joaten da. Hernaniar askok Cadiz-era joatea erabaki dute, Conil de la Frontera herri ingurura batez ere. Hain zuzen, azken asteetan suteak izan dira bertan, baina Hernani Bidaiak-en ez omen dute anulazio eskaerarik edo zalantzak agertzeko deirik jaso.

Gambia eta Txina
Barceló bidai agentzian Gambiara eginiko erreserbak nabarmendu nahi izan dituzte: ´azken urteetan aukera hori hor zegoen, baina badirudi aurten izan duela bultzada`, diote. Bestalde, Txina izan da aurtengo beste bidai errebelazio bat. Horretaz gain, Hego Amerikara erreserba asko egin dira berriz ere, gazte koadrilek motxilak hartuta bidaiatzeko plana egiten dute Bolivia edo Venezuelarako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!