San Inazio eguna ospatuko dute bihar Santa Barbaran, urtero bezala

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 30a, 03:00

Bihar uztailaren 31 da, San Inazio eguna, eta Santa Barbaran ez da faltako ekitaldirik bertara hurbiltzen denarentzat. Jai honetan herri kirolak, bertsolariak eta trikitilariak izaten dira protagonista.

Santa Barbaran festaz gozatzeko eguna izango da bihar. San Inazio jaia ospatzen da eta hainbat ekitaldi daude prestatuta egun osoan zehar. Mende erditik gorako tradizioa du jai honek, eta duela hamarkada bat pasatxo erreleboa gauzatu zenetik, Morkaiko kultur taldeak antolatzen du. Jaiari hasiera emateko, goizeko hamarretatik aurrera Diana izango da herrian zehar. Herriko txistulariek abisua emango dute horrela, kalean gora eta behera giroa berotuz. Honen ondoren, jaia Santa Barbara gainean izango da. 10:30etan Xabier Solano eta Jon Mari Beasain trikitilariak jendea dantzan jartzen saiatuko dira, erromeria giroa jarriz. Beraz, ordurako hamaiketakoa eginda igotzea komeni da. Ordu bete beranduago, 11:30etan, omenaldia egingo zaie Atarrabiyori eta Indiori. Atarrabiyo San Inazio jaiko animatzailea izan zen urteetan zehar, eta Indio garai batean jai hau antolatzeko erantzukizuna hartu zuen Mendigain taldeko kide zen. Lore eskaintza egingo zaie, bertso batzuekin batera. Omenaldia ondoren, 12:10etan, herriko parrokoak meza emango du ermitan.

Bertsolariak eta herri kirolak

12:45etan bertsolariek aurreneko saioa egingo dute. Aurtengo laukotea J.L. Urdangarinek, Arnaitz Lasartek, Unai Gaztelumendik eta Antton Garinek osatzen dute, denak ere Hernaniko Bertso Eskolakoak. 13:00ak aldera, herri kirolak daude iragarrita. Aurten lokotxak, txingak eta aizkora proba izango dira. Bertan 4 laguneko bi talde egongo dira, nor baino nor. Talde bat Larrabide eta Larra aizkolariak eta Barrenetxea eta Iradi korrikalariak osatuko dute, eta bestea, Txintxua I eta Imanol Paollak aizkoran eta Ezeiza eta Txintxua IIak korrika osatua. Aizkora apustua lau enborretara izango da, eta txandalibrean. Aurrena, bi enbor moztuko dituzte. Hori egindakoan, lokotx eta txinga probak izango dituzte, eta gero falta diren bi enborrak moztuta bukatuko dute. Enborrak kana edi ingurukoak izngo dira.

Herri bazkaria eta jokoak

Kiroletan tentsio pixka bat askatu eta gero, tripa betetzeko ordua izango da, herri bazkarian. Honako menua prestatuko dute: marmitakoa, txuleta eta postre moduan Adarragako Brazo jitanoa. Txartelak salgai daude Aralar eta Kitto tabernetan, 20 eurotara. Bazkalondorenean, trikitilariak eta bertsolariak bigarren saioa egingo dute eta dantzarako aukera izango da. Aurreko urteetan bezala, jendeak parte hartzea espero dute antolatzaileek. Arratsaldez, joko ezberdinak daude antolatuta. 16:30etan lagunarteko toka txapelketa hasiko da. Parte hartzeko nahikoa da momentuan izena ematearekin. Hori bai, hiruko taldea osatu beharra dago. Saria udaiazpikoa eta gaztak izango dira. Jokoekin jarraituz, haurrek beren txanda izango dute 17:30etan eta gero, indar berritzeko txokolatada izango dute. Honekin bukatuko da aurtengo San Inazio jaia Santa Barbaran.19:00etan herrira jaitsiera dago iragarrita. Garai batean, oinez egiten zuten jaitsiera, baino azkenaldia gutxi dira mendira oinez igotzen direnak.

Jose Ramon Almarza Atarrabiyo (1906-1988)

Urtero San Inaziotan Mendigaingo kide izandako Atarrabiyo eta Indio omentzen dituzte. Atarrabiyo bere mendizaletasunagatik ezaguna zen eta hainbat sari jaso zituen bere bizitzan. Mendigainekin jaiero ateratzen zen, beti txistuka eta haurrez inguratuta. Oso pertsonai herrikoia ere izan zen. Joxe Ansorena txistulariak pasakallesa eta guzti konposatu zion. Jaietan txupinero lanak egiten zituen eta beti saltsan ibiltzen zen. Bere izena daraman parkea dago Latxunben, hainbat elkartek eskatuta.

Egitaraua

  • 10:00 Diana herriko kaleetan.
  • 10:30 Trikitilariak. Solano eta Beasain.
  • 11:30 Indiori omenaldia.
  • 11:45 Atarrabiyo eta Indiori omenaldia.
  • 12:10 Meza.
  • 12:45 Bertso saioa: Urdangarin, Lasarte, Gaztelumendi eta Garin.
  • 13:00 Herri kirolak: aizkora, txingak eta lokotx biltzea.
  • 14:30 Herri bazkaria.
  • 16:30 Lagunarteko toka txapelketa, hirunakako taldeetan.
  • 17:30 Haur jokoak eta txokolatada.
  • 19:00 Herrira jaitsiera.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!