Hernaniko igerileku
berrietan zarata orduro
Gure elkarte txikia (sei etxebizitza gara) ingurune bukolikoa zenean kokatuta dago. Zuhaitz haundiak, ardiak etab. ikusi zitezkeen bertan, parke natural moduan mantendua baizegoen. Hilabete batzutatik hona, igerileku berriak eraikitzen ari dira, zoragarria iruditzen zaidana, baina jasanezina dena egun osoan zehar izaten dugun zarata da. Gauetan ere makina batzuk piztuta uzten dituzte eta sarritan udaltzaingoari deitu izan diogu, hauek itzali ditzan. Azkenaldian, gauza okerrera joan da, igandeetan eta jai egunetan ere lanean ari baitira. Ospitalea edo zaharren egoitza izango balitz, sikiera! Baina aisiaz ari gara...
Aurreko igandean, goizeko 8etan nire senarrak langileengana jo behar izan zuen zarata zela eta. Langileek barkamena eskatu zioten (bakarrak izan dira), baina aginduak bete behar zituztela jakinarazi zioten. Santio egunean, berriro ere lanean ari ziren ´6 besterik ez garenez`, kasurik ez. Hurrengo pausua udaltzaingoari deitzea izan zen eta kasu egin zidan agenteak (jakinduriaz jantzia bera) zera esan zidan: bera ere lanean ari zela. Eztabaidan aritu eta gero, nire senarrak esan zion ordenantzak ezagutzen zituela eta jai egunean ezin zela eraiki. ´Hori, non?` izan zen udaltzainaren erantzuna. Senarrak ´Euskal Herri osoan` erantzun zion, eta hondartzara joan ginen lo pixka bat egitera.
Hainbeste hilabete dira dagoeneko... Gutun hau goizeko hiruretan idazten ari naiz, orfidalak ez dit efekturik egiten, eta gaur zortekoak izan gara, 10etarako geratu dira eta. Lehengoan, Hirigintzako zinegotziarekin brometan, ordain sari bat eskatu nion, eta berak igerilekurako doaneko pase bat eskaini zidan! Gero, moztu dituzten hamar zuhaitzen inguruan galdetu nion, eta berak zioen ´ez zirela autoktonoak`. Arriskuan ote nago ni ere autoktona ez izateagatik? Urteetan zehar, gainera, zuhaitz horietako bat mozteko eskatzen aritu gara, telebistako antena oztopatzen zuelako eta inoiz ez digute jaramonik egin. Orain bai, gogoak eman dienean... baina zergak igual-igual ordaintzen ditugu, hori bai. Hizketa errematatzeko, zinegotziak esan zidan esker oneko izan behar nuela, etxe multzo bat okerragoa litzatekeela eta. Baina Parke Natural bezala izendatua ez dago, ba? Marbellan bizi ote naiz? Etxearen balioa haundituko omen da, baina nork saldu nahi du? Nork erosi? Nahi duguna bakean irakurri, lo egin eta bizitzea da.
Aldez aurretik, eskerrak eman nahi nizkieke igerilekuko erabiltzaileei atsedeneko ordutan autoen bozinak ez jotzeagatik eta zarata ez egiteagatik.
Maria José Cameron Benito
( *Erredakzioan euskeratua )
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!