Santio Bideko erromesak Tolosara abiatuko dira gaur, gaua Milagrosan pasata

Kronika - Erredakzioa 2006ko uztailaren 28a

Harrera egin zieten Udaletxean Hernanira etorritako erromesei. Udalak seilua atera du, Hernanitik pasatzen diren erromesentzat.

Irundik Hernanirako bidea egin zuten atzo Santio Bideko erromesek eta kiroldegian freskatu eta Milagrosan pasa dute gaua, gaur Tolosara abiatzeko. Udalak harrera egin zien atzo arratsaldean eta arkupetan agurra dantzatu eta Areto Nagusian oroigarri bat eman zieten. Iñaki Arratibel zinegotziak eskerrak eman eta bidaia ona opa zien Hernanira etorritako erromesei. Horrez gain, Santio Bidea indartzeko konpromisoa hartu zuen Udalaren izenean, eta erromesentzako alberge baten kontua ere aipatu zuen.

Bidea berritzea
Santio Bideko elkarteko kideek ere oroigarri bat eman zioten Udalari, eta eskerrak eman zizkieten Hernaniko herriari eta Udala berari, lagundu izanagatik. Aipatu zuten, Santio Bideko barrukaldeko bidea berreskuratzeko, ezinbestekoa dela ibiltzea, bidea egitea alegia, baina horrez gain albergeen beharra azpimarratu zuten. Horretan, Udalek, Diputazioak eta Elizak inplikatu behar dutela nabarmendu zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!