HERNANIKO Udalak Usoko-Epelerrekako ingurua berreskuratzeko hainbat ekintza egingo ditu, Life Aiako Harria programaren barruan. Programaren helburua da Aiako Harria Parke Naturala babestu eta berreskuratzea. Hori dela eta, Hernaniko Udalak parke naturalean dituen lurretan bi ekintza burutuko ditu: batetik, Igoin eta Bentatxuri inguruan dagoen pinudi bat kendu eta bertako zuhaitzak (haritza eta pagoa) aldatuko ditu; bestetik, Usoko-errekako presa kenduko du Galemys pyrenaicus-aren (satorraren familiako ugaztuna) mesederako.
Bertako zuhaitzak aldatu
Hernaniko Udalak pinuak kendu eta haritza eta pagoa aldatuko ditu, Bentatxuri eta Igoin inguruko 30 ha-tako eremuan. Eremu horretan dauden pinuek 61 urte dituzte eta Udalak adierazitakoaren arabera, adina dela eta, komenigarria da horiek moztea. Udalak azpimarratu du zuhaitz aldaketa bertako haziekin egingo dela, kutsadura genetikoa galerazteko asmoarekin. Ekimen honekin Udalak habitat naturalen eremuak haunditu nahi ditu eta bide batez habitat horietan bizi diren espezieak berreskuratu, hala nola: galemys pyrenaicus ur satorra, soldanella villosa landare iraunkorra eta trichomanes speciosum inistorra. Zuhaitzak aldatzeaz gain, mantenimendu lanak ere egingo dira, zuhaitz sastrakak garbitzeko. Ekimen hau aurrera aterako du, Hernaniko Udalarekin batean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiko eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiak.
Animaliak berreskutatu
Usoko-errekan dagoen presa ere kenduko dute. Presa Latxeko fabrikak erabiltzen zuen. Udalak azaldu du ´mota honetako azpiegiturek mehatxu` egiten dietela zenbait espezieri eta aldatu egiten dutela errekako erregimen hidrologikoa. Adibide bezala aipatu du Galemys pyrenaicus-aren zenbait populazio desagertu egin direla. Presa kentzeko ardura Diputazioak du.
Europak subentzionatua
Life programa Europako Batasunaren ekimena da, ingurune babestuak zaintzeko ekimenak diruz laguntzen dituena. Hernanin egingo diren ekintzen aurrekontua 87.268 eurokoa da. Europako Batasunak erdia jarriko luke. Aiako Harrian egingo diren lan guztien aurrekontua 2.600.318 eurokoa da.