Jendez gainezka atzo Astigarraga, Santa Ana egunean

Kronika - Erredakzioa 2006ko uztailaren 27a

Idi demak eta sagardo dastatzeak arrakasta haundia izan zuten. Bukaera eman zieten horrela aurtengo Santio jaiei.

Astigarragako Santioak bukaera izan zuten atzo, Santa Ana egunean. Foru plazan programa zabala burutu zuten egun osoan zehar eta sagardo dastaketa eta herri kirolek bildu zuten jende gehiena. Sokamuturrarekin hasi eta dantzaldiarekin bukatu... izan zen zer ikusia.

Eguerdian sekulako giroa

Eguerdi partean jendetza bildu zen Foru plazan sagardoarekin zintzurra bustiz idi dema ikusteko. Bitartean Unai Iturriaga eta Aitor Mendiluze bertsotan entzuteko parada ere izan zuten bildutakoek. Udaletxeko arkupetan artisauen eta sendabelarren erakusketa izan zen goiz eta arratsaldez. Idi apustuan Matxain, Irarreta eta Loinaz ibili ziren, bakoitza bere idi parearekin. Garaile Matxain atera zen, 45 plaza eginda, Irarretak baino bi eta Loinazek baino hiru gehiago. Aranon ere jaiak bukaerara iritsi ziren atzokoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!