300 filme ikusgai Zinemaldian

Kronika - Erredakzioa 2006ko irailaren 21a

Donostiako Zinemaldia gaur hasiko da eta sarrerak salgai daude Kursaal Aretoan eta Kutxaneten eta Servikutxan ere erosi litezke.

GAur hasiko den Zinemaldian, sail ofizialak zinemagile ezagunen azken obrak zuzendari berrien lehenengo filmeekin tartekatu ditu. Egungo gizartearen arazoak alde batera utzi gabe, komediek eta biografiak, dokumentalak eta fikzioak lekua izango dute sail honetan. Ondorioz, John Boorman (The tiger’s tail), Agniezka Holland (Copying Beethoven), Lars Von Trier (Direktoren for det hele), Marion Hansel (Si le vent souléve les sables), Tom Dicillo (Delirious), Joaquim Jordá (Más allá del espejo) eta Carlos Sorín (El camino de San Diego) zinemagile ospe-tsuen azken filmeekin batera, Im Sang Soo (Orae doin jung won), Bahman Gohbadi (Niweman) eta Kore-eda Hirokazu (Hana) zinemagileen bigarren edota hirugarren filmea ikusteko aukera emango du zinemaldiak. Horrez gain, zuzendari berrien obrak ere badaude Sail Ofizialean: Karaula (Rajko Grlic), Mon fils á moi (Martial Fougeron), Sleeping dogs lie (Bodcat Goldthwait), Forever (Heddy Honigmann), Lo que sé de Lola (Javier Rebollo), Véte de mí (Victor García León).

Zabaltegi

Zabaltegi Saileko zinea bost kontinenteetatik dator aurten. Alejandro Gonzalez Iñarrituren Babel filmeak ostegunean hasiera emango dio sailari. Gainera, Manoel de Oliveiraren azken filmea (Belle toujours) ere ikusteko aukera emango digu Zabaltegik. Filme honek oso aipamen onak lortu ditu Venezian. Ihesaldi baten kronika filme argentinarra ere aipatzeko modukoa da, eta baita Alfonso Cuarónen azkena ere (Children of men). Jonathan Demmek (Ardien ixiltasuna, Stop makin sense) ordea Neil Young musikariari buruz egin duen filmea aurkeztuko du sail horretan (Neil Young: Heart of gold).

Zuzendari berriak

Zuzendari berrien atalak, herri desberdinetako filmeak ikusteko aukera emateaz gain, Euskal Herrian ekoiztutako zinema ere ikusteko aukera emango du (Nomadak tx, Agian, Itzalen basoa, Distantzia, Kutsidazu bidea Ixabel). Eta saio berezien artean Fernando Mendez Leitek Elías Querejeta ekoizle hernaniarrari buruz egindako dokumentala dagoela aipatzea derrigorrezkoa da. Ohizkoa den moduan, bi zuzendarien bilakaera artistikoa aztertzeko aukera emango digute Zinemaldiko antolatzaileek. Aurtengo zinemagile klasikoa Ernst Lubitsch da, eta bere bizitzan egindako filme gehienak ikusteko aukera paregabea emango du Zinemaldiak. Momentuko autorea, ordea, Barbet Schroeder da, eta berak egindako filme guztiak emango ditu Zinemaldiak. Eta azken saileko gaia da zinemak etorkinen drama eta bizimodua isladatzeko erabilitako moduak. Belodromoan, aurten ere, zine saioak izango dira (World Trade Center eta El click) eta goizero Gipuzkoako ikasle ugari pasako dira Robots izeneko filmea ikusteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!