San Inazio egunerako festa haundia antolatu du Morkaiko elkarteak, goizean goiz hasita. Datorren astelehena da San Inazio eguna eta urteroko festa beretsua izango dute Santa Barbarara inguratzen direnek. Herri kirolak izaten dira festaren ardatzetako bat eta bi talde elkarren aurka jarriko dituzte aurten, aizkoran, txingekin eta lokotx biltzen. Lehenengo taldean Larrabide eta Larra ariko dira aizkoran, eta Barrenetxea eta Iradi txingekin eta lokotx biltzen. Bigarren taldean, Imanol Paolla eta Txintxua I ariko dira aizkoran, eta Txintxua II eta Ezeiza txingekin eta lokotx biltzen. Herri kirolak 13:00ak inguruan hasiko dira.
Bertsoak eta trikitixa
Dianak emango dio festari hasiera herrian barrena eta Xabier Solano eta Jon Mari Beasainen trikitixak alaituko du Santa Barbarako mendi gaina. Indiori eta Atarrabiyori omenaldia egin ondorenean izango da Meza, Santa Barbarako ermitan eta bertsolarien saioa izango da ondorenean. Aurten, Joxe Luis Urdangarin, Arnaitz Lasarte eta Unai Gaztelumendi ariko dira urtero urtero hutsik egiten ez duen Antton Garinekin batean.
Bazkari txartelak salgai
Goizeko festa bukaeran, herri kirolen ondorenean, herri bazkaria izaten da, hantxe kanpoan. Marmitakoa, txuleta eta Adarragako brazo jitanoa dute menua eta txartelak salgai daude bezperara arte. Aralar eta Kitton daude salgai bazkari txartelak, 20 eurotan. Bazkal ondorenean, berriz, toka txapelketa izango da urteroko ohiturari jarraituz: hiru laguneko taldetan bota behar da eta urdaiazpikoa eta gazta izango dira onenentzako saria. Haur jolasak eta txokolatadak emango diote bukaera aurtengo San Inazioei, egun guztia festan pasata.
Egitaraua
- 10:00 Diana herriko kaleetan.
- 10:30 Trikitilariak. Solano eta Beasain.
- 11:30 Indiori omenaldia.
- 11:45 Atarrabiyo eta Indiori omenaldia.
- 12:10 Meza.
- 12:45 Bertso saioa: Urdangarin, Lasarte, Gaztelumendi eta Garin.
- 13:00 Herri kirolak aizkoran, txingekin eta lokotx biltzen.
- 14:30 Herri bazkaria.
- 16:30 Lagunarteko toka txapelketa, hirunakako taldeetan.
- 17:30 Haur jokoak eta txokolatada.
- 19:00 Herrira jaitsiera.