PELOTA Oier Mendizabalek udara borobila daramaki eta estelarrean ariko da gaur Zarautzen

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 25a, 03:00

Bederatzi partidu irabazi ditu jarraian hernaniarrak. Bera eta Unanue, Esain eta Patxi Ruizen aurka ariko dira gaur.

oier Mendizabalek udara gustoko du nonbait, eta bere joko puntuaren sari gisa partidu gogorra izango du gaur Zarautzen, arratsaldeko 17:00etan hasiko den jaialdian. Aurrez aurre Patxi Ruiz atzelari haundia izango du, gaur egun profesionaletan dagoen jotzaile haundienetako bat. Mendizabalek Mikel Unanue izango du aurrelari, eta Ruizek Iñaki Esain.

Hamar baietz!
Hernaniko atzelariak bederatzi partidu irabazi ditu jarraian eta gaur zenbaki hori borobildu nahiko du, hamargarrenarekin. Ez du xamurra izango, ordea, Patxi Ruiz bera ere oso sasoiko baitabil eta San Fermin torneo garrantzitsua irabazi berri du. Aurrean, aukerak aprobetxatzen dakien Mikel Unanue izango du Oierrek, urte askoan bere maisua izana, eta Ruizekin batera San Fermin torneoa irabazi berri duena. Mendizabalek bigarren urtea du aurtengoa profesionaletan eta bere zenbakiek daramakien ibilbide ona nabarmentzen dute: guztira 48 partidu jokatu ditu eta horietatik 30 irabazi eta 18 galdu ditu Hernaniko pelotariak.

Hernaniko txapelketa
Hernaniarrek dituzten pelota partiduak ez dira profesional mailakoak bakarrik izango, Hernaniko txapelketako partiduak ere badira gaur, kaiolan, lauterdi barruan. Kadete mailan Lizeaga eta Aran-buruk neurtuko dituzte indarrak eta Zapiain eta Aizpitartek. Jubeniletan, berriz, Arrieta eta Garmendiak neurtuko dituzte indarrak. Kiroldegian, 11:00etan. yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!