Chillida Leku sustatzeko hitzarmen bat sinatu dute Chillida-Belzunce fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aldundiaren aldetik Joaquin Villa eta Chillida-Belzunce fundaziotik Luis Chillida, izan ziren hitzarmena izenpetu zutenak, atzo goizean Chillida Lekun egindako agerpenean. Hitzarmen honek museoa sustatzeko, komertzializatzeko, eta ISO ziurtapena lortzeko balioko duela uste dute. Horretarako, Foru Aldundiak 120.000 eurorekin lagunduko dio aurten fundazioari. Diru horrekin museoaren promoziorako plan bati ekingo diote, hainbat helburu betetzeko, bisitariak erakartzea oinarri bezala hartuta. Diotenez, Gipuzkoako jendea erakarri nahi dute, asko oraindik ez baitira bertaratu, ´uneoro eskura` dutela eta. Horrekin batera, jatorri ezberdineko turistak ere motibatu eta erakarri nahi dituzte, estatu mailakoak eta nazioartekoak. Museoak zabalik daramazkien 6 urtetan, 90.000 bisitari izan dituzte bataz beste urtero. Kopuru hori 120.000ra igo nahi dute plan horrekin. Horrekin guztiarekin, museoaren garapen jasangarria lortu nahi dute, urtero ´defizit txikia` pairatzen baitute.
´Gipuzkoarentzat luxua`
Villak adierazi zuenez, Chillida Leku ´luxua` da Gipuzkoarentzat, eta agian ez zaio ´behar bezalako arreta` eskaini 6 urteotan. Museoak ´balore artistiko, moderno eta unibertsal kalkulaezinak` dituela gaineratu zuen eta horri `kalitatearen bermea` gehituta, ´lehen mailako produktua` eta ´Gipuzkoako ikur` bilakatzen duela. Hori mantentzeak, ordea, kostu haundia du eta ´beharrezkoa du orain iritsi zaion laguntza publikoa` museoaren promozio eta komertzializaziorako.
´Museoa dagokion mailan jarri nahi dugu`
Villaren ondoren, Luis Chillidak hartu zuen hitza. Haren esanetan, Eduardo Chillida aitak ´bere baitan` sortu zuen Chillida Leku, ´inoren laguntzarik gabe`. Museoa modu pribatuan, familiarrean, gestionatu dute orain arte, baina ´errekurtso falta` dute horrela jarraitzeko, ´museoa ezagutarazi egin behar da, eta guk ezin diogu promozio egokia eskaini`. Sinatutako hitzarmena ´lehenengo pausutzat` jo zuen, ´etorkizunean poz haundia ekarriko diguna`. Honekin batera, Eusko Jaurlaritza eta udaletxeei laguntzeko gonbitea luzatu zien. Horrez gain, Luis Chillidak aitaren lana gogorarazi nahi izan zuen, ´XX. mendeko artista haundienen pare onartua dagoena` eta baita Chillida Leku antolatzen pasa zituen 20 urteak ere. Berak museorako nahi lukeenaren adibide modura, Amsterdamgo Van Gogh museoa edota Malagako Picasso museoa jarri zituen, ´bisitariek ez dituzte hiri horiek uzten museoak ikusi gabe`. Hemengo egoeraren erakusle bezala adierazi zuen turista asko ez direla museora etortzen ´Hernani urruti dagoela uste dutelako`, eta gaineratu zuen ´etortzen diren batzuk ez dutela erraztasunik lekua aurkitzeko, ´Hernaniko dendariak sarritan izaten dituzte turistak beren ateetan museoaz galdezka`. Horregatik, museoaren potentziala ´merezi duen bezala garatzeko` nahia erakutsi zuen, hitzarmenak hori bideratuko duelakoan.
Musika hamabostaldia Chillida Lekun
Musika hamabostaldia dela eta kontzertuak izango dira Chillida Lekun. Aurten Aita Donostiaren obra eta irudia izan dute gogoan. Denak 19:00etan hasiko dira. Solasaldi labur bat izango da aurretik.
Abuztuaren 6, igandea
Kup ahots taldea
Zuzendaria: Gabriel Baltés
Aita Donostiaren eta F. Poulencen obrak.
Abuztuaren 13, igandea
Almudena Ortega,
sopranoa
Josu Okiñena, pianoa
Aita Donostiaren eta konpositore garaikide katalanen obrak.
Abuztuaren 20, igandea
Catalin Bucaratu, biolina
Aita Donostiaren eta
J. Guridiren obrak
Abuztuaren 27, igandea
Aristizabal-Barandiaran bikotea, pianoa
Aita Donostia, M. Ravel eta C. Debussyren obrak